Enpresek eskuragarri dituzte jadanik SPRI Taldeak nazioartekotzeko prozesua indartzeko ematen dituen laguntzak

0

Euskal enpresek bihartik ostirala 12tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte SPRI Taldeak Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez martxan jarri dituen laguntzak, konpainien atzerriko presentzia indartzea helburu dutenak. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza horiekin bi milioi euro banatuko dira: 1,5 milioi euro “Zabaldu” programarekin eta 500.000 euro “Sakondu” programarekin (esteka honetan eskatu daitezke dagoeneko).

Nazioarteko Euskal Agentzia da euskal enpresaren nazioarteko proiektuak bultzatzen dituen erakunde publikoa. Bere baitan integratzen ditu baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak, eta laguntza eredu espezializatu eta egokitu berri bat eskaintzen du. Leihatila bakar horretan elkarrekin uztartzen dira ezagutza sektoriala eta geografikoa Agentziaren nazioarteko sareari esker. Izan ere, nazioarteko sare hori munduko indartsuenetako bat da, 80tik gora herrialdetako merkatu garrantzitsuenetara zabaltzen dena eta 16 bulego propio dituena.

“Zabaldu” programa bereziki zuzenduta dago hedapen-fasean dauden eta esportazio-portzentaje apalak dituzten enpresei. Funtsean, aurten irekitako deialdiaren xede dira 2019ko fakturazio osoaren %50etik beherako jarduera esportatzailea duten konpainiak.

Laguntzak onartutako gastuaren %50eraino iritsi daitezke, eta gehienez 45.000 €-koak izango dira enpresa bakoitzeko (gehienez hiru eskaera egin ahal izango dira).

Helburua da nazioartekotze-maila handia ez duten enpresei atzerrian duten presentzia handitzen laguntzea eta garapen jasangarria sustatzea nazioartekotze-prozesu osoan.

Ekimen honen bidez laguntza ematen da nazioartekotze-estrategia bat garatzeko, eta horretarako dirulaguntzak ematen dira kanpoko aholkularitza kontratatzeko eta patente, bidaia, sustapen, ikuskapen nahiz atzerriko langileen hautaketarekin lotutako gastuak ordaintzeko. Ekintza horiek guztiak 2020an tramitatuak izan behar dira.

“Sakondu” programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak eskaintzen dizkie atzerrirako irteera hobetu nahi duten enpresei. Horregatik, bete beharreko baldintzak dira fakturazio osoaren % 50 baino gehiago esportatzea eta euren lehiakortasun-posizioa hobetu nahi izatea 2019an esportatutako guztiaren % 10 baino gutxiagoko fakturazioa duten merkatuetan.

Ekimen honen helburua da nazioartekotze-maila handia duten enpresei presentzia txikia duten edo presentziarik ez duten merkatuetan sartzen laguntzea. Laguntzak onartutako gastuaren %50eraino iritsi daitezke; gehienez 40.000€ emango dira eskaera bakoitzeko, eta 45.000€ baldin eskaera hori klusterren erakunde dinamizatzaile baten bitartez egiten bada.

“Zabaldu” programak bezalaxe, “Sakonduk” ere laguntza ematen du nazioartekotze-estrategia bat garatzeko, eta dirulaguntzak emango ditu kanpoko aholkularitza kontratatzeko eta patente, bidaia, sustapen, ikuskapen nahiz atzerriko langileen hautaketarekin lotutako gastu batzuk ordaintzeko. Hori guztia 2020an tramitatu behar da.

Eskaerak aurkezteko epea bihar 12tik hasiko da, oinarriak Euskal Herriko Aldizkari ofizialean argitaratzen direnean, eta urriaren 30ean bukatuko da.