Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak udalerriko enpresetan ekonomia zirkularra bultzatzea adostu dute

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Ihobe sozietate publikoak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikiak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur Gasteizko enpresen artean ekonomia zirkularra bultzatzeko.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmena gaur goizean aurkeztu dute Maider Etxebarriak, Vitoria-Gasteizko Udaleko lehen alkarteordeak, eta Elena Morenok, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumeneko sailburuordeak, eta “udalerriko enpresen artean, ekonomia zirkularra sartzea bultzatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako udalerrientzako erreferentzia izango diren  ekintza berritzaileak egiteko”, adierazi du Ingurumeneko sailburuordeak.

Egingo diren ekintzen artean, nabarmendu beharrekoa da ekonomia zirkularreko eta karbono gutxiko udal ekintza-plan bat prestatzea, Vitoria-Gasteiz udalerriaren industrialdeetako material, energia eta hondakinen fluxuak mapatzea, eta ETEei baliabideak albait hoberen kontsumitzeko aholkularitza ematea, produkzioaren efizientzia hobetzeko proposamenak eginez.

Helburu garrantzitsuena da Vitoria-Gasteizko enpresekin batera soluzio zirkularrak erakustea (lehengaiak berrerabiliz), eredugarri bihurtuz beste udalerri batzuek beren inguruneko enpresei antzeko ekintzak aplika diezazkieten. Plana ontzean espero diren emaitzetako bat da ekonomia, hirigintza, mugikortasuna, ingurumena eta udaleko beste bulego batzuk elkartzea, soluzio integralak emateko. Helburu horrekin, metodologia bat onduko da, ikasitako lezioak biltzen dituena, beste geografia-eremu batzuetan gero horiek errazago aplikatzeko.

Erakunde bakoitzak 15 mila euro jarriko ditu urtero hitzarmenerako, eta 2021eko abenduaren 31 arte egongo da indarrean; urtero eranskinak sinatuko dira urteko kudeaketa-plana zehazteko. Vitoria-Gasteizko Udalak hartu du hitzarmenean bildutako jardunak exekutatzeko ardura, eta horretarako Ihobe sozietate publikoaren laguntza teknikoa izango du.

Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 hitzarmen honetan kokatzen da; haren misioa da Euskal Autonomia Erkidegoa ekonomia zirkularreko eredu baterantz aldatzen joatea eta, hartara, Europako erreferentziazko eskualde gisa nabarmentzea. Estrategia horretan, tokian tokiko eremuetan zabaltzeko hainbat jardun biltzen dira, adibidez, Vitoria-Gasteizko Udalak egingo dituenak.

Maider Etxebarriak Vitoria-Gasteizen industria-izaera ekarri du gogora, eta hiriak arlo guztietan ibilbide aitortua duela jasangarritasunaren alde; izan ere, bi elementu horiek “funtsezkoak dira enpresen eskutik ekonomia zirkularreko estrategiak hartzeko orduan erreferentziazko hiri bihurtzeko”.

Bestetik, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko erakunde arteko lankidetza nabarmendu du, eta adierazi ere du soluzio zirkularrak, lehengaien berrerabilpenean oinarrituak, “gure komunitatearen jasangarritasuna bultzatzeaz gain, lehiakortasunerako eta enplegu-sorrerarako faktore erabakigarria bihur daitezke[ela] gure industria-sektorean”.