Hauteskunde-mahaietan egongo diren pertsonak izendatzeko zozketak ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dira

0

Ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dira udaletxeetan, eskualdeko hauteskunde- batzordeek gainbegiratuta, datorren uztailaren 12an hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten 24.000 pertsona baino gehiago hautatzeko zozketak.

Udalerrian erroldatutako pertsona guztien artean zozketa bidez izendatutako lehendakari batek eta bi bokalek osatuko dute mahai bakoitza. Zozketa berean mahaiko kide bakoitzarentzako bi ordezko ere izendatuko dira. Legeak ezartzen duenez, erroldatuta dagoen eta irakurtzen eta idazten dakien 70 urtetik beherako edozein pertsonak jaso dezake hauteskunde-mahai bat osatzeko deia.

Izendapena hurrengo hiru egunetan jakinaraziko zaie hautatutako pertsonei. Jakinarazpenarekin batera, beteko dituzten eginkizunei buruzko jarraibideen eskuliburua entregatuko zaie, Eusko Jaurlaritzak egina eta hauteskunde-administrazioak gainbegiratua.

Hauteskunde hauetarako guztira 2.678 mahai jarriko dira. Lurraldez lurralde, Araban 426 mahai egongo dira, Bizkaia 1.400 eta Gipuzkoan 852.

2016ko hauteskunde autonomikoetan 2.593 mahai egon ziren; horrek esan nahi du aurten 85 mahai gehiago egongo direla, eta, hortaz, 765 pertsona gehiago izango direla mahaikide izateko deia jasoko dutenak.

Segurtasun Sailak jarraibideen eskuliburuaren 35.000 ale argitaratu ditu guztira, eta, besteak beste, hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa bidez izendatzen diren titularrei eta ordezkoei banatuko zaizkie. Eskuliburu hori ekainaren 14tik 20ra bitartean jasoko dute izendapenaren jakinarazpenarekin batera. Berrikuntza modura, jarraibideen eskuliburuari eranskin bat gehitu zaio, eta bertan uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako jaso diren osasun-jarraibideak (hauteslekuek, hautesleek eta mahaiko kideek bete beharrekoak) Osasuneko sailburuordearen 2020ko ekainaren 1eko ebazpenean emandakoak dira.