Farmakoen koordainketaren aurrean sei hilabeteko epea ireki dute osasun-tratamenduei atxikitzeko laguntzak eskatzeko

0

Hurrengo astelehenetik aurrera, ekainak 15, abenduaren 10 arte, Eusko Jaurlaritzak osasun-tratamenduei atxikitzea segurtatzeko laguntzak eskainiko ditu, eta epe horretan aurkeztu ahal izango dira eskaerak; era horretan bermatu nahi da diru-arrazoiengatik pertsona bat ere ez dela geratuko preskribatutako medikaziorik gabe, Espainiako Gobernuak ezarritako farmakoen koordainketaren aurrean.

Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak farmakoen koordainketaren kontra uneoro agertutako jarreran kokatzen dira. Arbuio irmo horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen errenta txikiko pertsonei eta talde babesgabeei (pentsiodunak, pertsona langabeak, arauz kanpoko pertsona etorkinak…) zuzendutako konpentsazio-neurriak ezarri zituen Estatuko lehen erkidegoa, bermatuz pertsona batek ere ez diola diru-arrazoiak tarteko preskribatutako medikazioa hartzeari utziko.

Laguntza horiek zazpi urtez jarraian eman dira, eta Eusko Jaurlaritzak 608.000 eskaera baino gehiago izapidetu ditu, 32,9 milioi eurotik gora guztira; horri 2020ko aurrekontuetara bideratutako 6.038.131 euro gehitu behar zaizkio (behar izanez gero, handitu daitekeena). Joan den 2019. urtean, Eusko Jaurlaritzak 5.161.121 euro bideratu zituen guztira 2018ko deialdiko bigarren epeari eta 2019ko deialdiko lehen epeari zegozkion laguntzen onuradunentzat.

Gaur iragarritako deialdia 2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era egindako farmakoen gastuetarako da. Aurreko urteetan bezala martxorako aurreikusita zegoen arren, Osasun Sailak atzeratzea erabaki zuen COVID-19 pandemiaren ondorioz, pertsona eskatzaileen arriskua ez handitzeko, gehienak adineko pentsiodunak baitira, izapidea Osakidetzako osasun-zentroetan egiten dutenak. Egoera epidemiologikoak hobera egin arren, Osasun Sailak gomendatzen du izapideak internetez egitea eta, aurrez aurre eginez gero, hitzordua eskatu beharko da dagokion osasun-zentroan jende pilaketak saihesteko ia sei hileko epea baitago, eta laguntzak ez dira ordaintzen etorritako ordenan.

Onuradunek eskabide-inprimakiak errazago jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren webgunearen helbide honetan (https://www.euskadi.eus/informacion/ayudas-adherencia-a-los-tratamientos-medicos-2020/web01-a2inform/es/), eskaerak bizilekuetatik deskargatu eta inprimatu ahal izango dira, eta, bete ondoren, osasun-zentroetan aurkeztu beharko dira horretarako zitazioa egin zaien egunean. Eskabidea etxetik inprimatzeko baliabiderik ez badago, hitzordua baino egun bat edo bi lehenago jaso ahal izango dira osasun-zentroetan, entregatzeko.

Laguntza hauen hartzaile izango dira Gizarte Segurantzako pertsona pentsiodunak eta haien onuradunak, urteko errentetan 18.000 euroz beheko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortutako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira; legez langabezian diren pertsonak eta haien onuradunak, 18.000 euroz beheko diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortutako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira; laneko diru-sarreren errenta osagarri modalitatean, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortutako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira; eta Espainiako Estatuko egoiliar gisa erregistratuta edo baimenduta ez dauden pertsona atzerritarrak, eskubide hori aitortzen duen Euskal Autonomia Erkidegoak sortutako dagokion egiaztagiria badute.

Bi eskaera-modalitate daude: erraztua, Euskal Autonomia Erkidegoko farmazietan farmako-gastuak egin eta OTI txartela duten pertsonei zuzenduta batez ere, eta arrunta, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko farmazietan farmako-gastuak egin eta OTI duten pertsonei eta MUFACE, MUGEJU eta ISFAS mutualitateetako kideei zuzenduta.