Urkulluk enplegua gizarte-politikarik onena dela defendatu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, lehenik eta behin, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Unibertsitate Ospitalean identifikatutako agerraldiak aipatu ditu, eta une honetan kontrolatuta daudela adierazi du. Halaber, Lehendakariak azaldu du zaintza- eta kontrol-sistemak behar bezala funtzionatu duela, eta gertatutakoak «erne mantentzeko deia» direla. Ildo horretan, prebentzio neurriak mantentzeko deia egin du Lehendakariak. «Zenbat eta mugikortasun eta irekiera handiagoa, orduan eta prebentzio eta autobabesa handiagoa «.

Bestalde, Urkulluk EAEko ekonomiaren aurreikuspenak azaldu dizkie gainontzeko presidenteei, Barne Produktu Gordinaren % 8,7ko beherakada eta lanaldi osoko 68.000 lanpostu galtzea barne. Testuinguru horretan, Lehendakariak adierazi du gizarte-politiken bermea zaintzea (osasuna, hezkuntza eta gizarte-babesa) eta egoera ahulenean dauden pertsonei laguntzea direla Jaurlaritzaren lehentasunak: «Enplegua da gizarte-politikarik onena, eta galdutako enplegu guztia berreskuratzeko beharrezkoa da herri baten oinarri ekonomikoa suspertzea».

Sanchezen Gobernuak abian jarritako Berreraikuntzarako Batzordeari dagokionez, Lehendakariak gogorarazi nahi izan du industria, ikerketa eta zientzia, inbertsio produktiboaren aldeko apustua eta enpresa-sarearen nazioartekotzeari laguntzea direla berreraikuntzarako gakoak. «Euskadin prest gaude susperraldiaren oinarriak finkatuko dituen estrategia bat garatzeko», gaineratu du.

Azkenik, lehendakariak «onena» opa die presidenteei, eta agur esan dio hurrengo bilerara arte, Sanchezek iragarri duenez, aurrez aurre egingo baita.