URAk zoru-sailak zaharberritzen ari da Artaza-Forondan

0

URA higatutako lurzoru batzuk zaharberritzen ari da Artaza-Forondan, Mandojana, Artaza eta Legardako Administrazio Batzarrak lagatako lursail batzuetan, inguruko ibaiak lehengoratzeko eta mantentzeko lanetan ateratako sedimentuak eta zura erabiliz.

Higaduraren ondorioz landare-estalkirik ez zuten lursailak ziren:  substratu harritsua agerian zituztenak. URAk baimena eskatu zion Batzarrari agentziaren jarduketetan ateratako sedimentuak eta zura lursailean metatu, jarraian estaldura berria finkatu eta guztia ala guztia egonkortzeko espezie autoktonoak landatu ahal izateko.

Lan horiek mailaka egiten ari dira, ateratako lurzoruaren eta egur hilaren eskuragarritasunaren arabera. Orain arte, 900 metro koadroko azalera zaharberritu da, 3.100 metro koadroko azalera higatua duen lurzati batean. Kalkuluen arabera, lur-zati horrek 4.250 metro kubiko lur on baino gehiago har ditzake, gero landareztatzeko.

Arroan lurzorua eta landare-estaldura berreskuratzeak ura iragazteko eta atxikitzeko ahalmena handitzen du, zirkulatzen duen uraren (edo jariatzearen) abiadura moteltzen du eta, beraz, lanok egin diren lekutik beherako uretan higadura-ahalmena murrizten du.

Jarduketak errebalorizatu egiten ditu ibaiak leheneratzeko edo uholdeen aurrean babesteko obretako lurzoruaren eta egur hilaren soberakinak, eta baliabide gisa erabiltzen dira beste leku batzuetako zoruak lehengoratzeko. Kasu honetan, Santo Tomas ibaian ibilgua irekitzeko obratik, Araian ibilgu txiki bat lehengoratze lanetatik edo Zadorra ibaitik ateratako tapoietatik eratorritako lur- eta zur-soberakinak erabili dira. Halaber, berreskuratutako lurzorua landatu eta zuhaitz-espeziez birlandatu da, lurzorua sendotzeko. Orain arte egindako inbertsioa 10.562 eurokoa da.