Barakaldoko Udalak etxegabeei buruz gaur zabaldutako faltsukeriei aurre egin die

0

Agerian utzi nahi ditu Barakaldoko Udalak Berriotxoak kolektiboak krisi sanitarioan Lasesarreko kiroldegian egon diren etxerik gabekoei buruz zabaldu dituen faltsukeriak.

Juan Antonio Pizarro Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak berriro esan duenez,  «Ez da erabiltzaile bat ere  kalean geratuko», eta denei eskaini zaie beste bizileku bat, eta deitoratu egin du zenbait kolektibok pertsona horiek erabiltzea komunikabideetan protagonismoa bilatzeko.

Joan den astelehenean prentsa-ohar batean esandakoa berretsi du Pizarrok, alegia, Udalak martxan dituela etxerik gabekoentzako hainbat zerbitzu propio (Lasesarreko gaueko aterpetxeak eta Santa Teresako eguneko zentroak gaur irekiko dituzte berriro ateak), eta, aldi berean, pertsona horientzako beste bizileku baten bilaketa-lanak koordinatzen diharduela.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzak eman die bizileku-aukera hori, hainbat elkarteren laguntzaz. Horrela, kiroldegiko 51 erabiltzaileetatik 25ek etapa berri bati ekiteko aukera dute ostatu independente batean. Horietatik 16k, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker autonomia-erkidegoko udalerrietan dauden pisuetan dituzte logelak esleituta;  Lortu-Behar Bereziak dituzten Gazteen Defentsarako Elkartearen etxebizitzetan hartuko dituzte beste 5; beste 2k, beren kabuz aurkitu dute logela, beren baliabideekin edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE); beste bat tutoretzapeko etxebizitza batera lekualda daiteke eta beste bat egoitza soziosanitario batera.

Lanean jarraitzen du Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloak, beste erakunde eta entitate batzuekin -hala nola, Goiztiri eta Agharasekin- lankidetzan, gainerako erabiltzaileek ere bizi-proiektu berri bati ekin diezaioten, nahiz eta lekua ziurtatua duten aterpetxean.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa eman die horiei alokairua ordaintzeko. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Sailak Azken Sarea Indartzen ekimena finantzatu dio Caritasi. Ekimen horrek 340 eta 560 euro arteko laguntza ematen die hilean pertsona zaurgarriei, horien artean, etxerik gabe daudenei. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ALOKABIDEren etxebizitzak bilatu ditu pertsona horiek etxebizitza bera partekatu dezaten, eta, , hilero 250 euroko laguntza  eman dio bakoitzari alokairuari aurre egiteko.

«Ez da egia, beraz, Udalak 150 euro eman dizkiola etxerik gabeko pertsona bakoitzari arazoa gainetik kentzeko, Berriotxoakek esan bezala.

Datuekin zorrotzagoa izan behar dugu, eta ez  entzundakoaz hitz egin», azpimarratu du Juan Antonio Pizarrok.