Barakaldok tramite elektronikoak B@kQ txartel elektronikoaren bitartez egitea bultzatuko du

0

Koronavirusaren pandemiaren ondorioz, erakundeek eta herritarrek beste modu batera lan egin behar izan dute, telelana eta kudeaketa elektronikoak sustatuz. Barakaldoko Udalak pixkanaka-pixkanaka ari da berreskuratzen aurrez aurreko arreta, baina, hala ere, administrazio elektronikoa sustatzen jarraitu nahi du. Sistema horren alde egin da azken bost urteetan, eta behin betiko bultzada eman nahi zaio, B@kQ txartel elektronikoa sustatuz.

2017an kaleratu zuen Barakaldok B@kQ  abian jarritako planaren aukera berrien artean, herritarrek tramiteak errazago egin zitzaten. Auzoetan zazpi bulego elektroniko jartzea sartzen zen planean, izapide ofizialak egiteko udaletxera joan beharrik izan gabe, bai eta, besteak beste, udalaren egoitza elektronikoa abiaraztea ere, udalarekin zerikusia duen edozein eragiketa egin ahal izateko.

2019ko urtarrilaz geroztik 700 B@kQ eskatu dira. Alta gehienak 2020ko otsailean (75 txartel) eta apirilean (69) izan dira.

Txartel elektroniko hori ezagutzera ematea du asmo Udalak, herritarrei abantaila asko eskaintzen baitizkie, batez ere etxetik mugitu gabe ordenagailutik, mugikorretik edo tabletatik  edozein tramite egin ahal izateko administrazioarekin. Horretarako, diptiko batzuk zabalduko dira txartela erabiltzeko moduari buruzko informazioarekin: HAZen postu bat gaitu da txartela lortu ahal izateko, aldez aurretik hitzordurik eskatu  gabe. «B@kQ lortzea gomendatu nahi diegu herritarrei, abantaila asko eskaintzen baititu: tramiteak eroso eta erraz egin ahal izatea. Barakaldoko Udalean ez ezik, beste erakunde batzuetan ere  lor daitezke ziurtagiri elektronikoa duten tramiteak», azpimarratu du Gorka Zubiaurre Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotziak.

B@kQ doakoa da eta eskatzen den unetik dago martxan. Tramiteak egiteko, Barakaldoko Udalaren www.barakaldo.eus egoitza elektronikora sartzea besterik ez dago, eta 100 tramite baino gehiago daude aukeran: dirulaguntzak, dokumentuen erregistroa, lizentziak, laguntzak, errolda-eskaera, zergen ordainketa. «Horregatik gomendatzen diegu herritarrei txartel hau eskuratzea, oso erabilgarria baita;are gehiago, pilaketak saihestea eta tramiteak telematikoki egitea gomendatzen den garai honetan», gaineratu du Zubiaurrek.