BIND 4.0 bizkortzaileak Industria 4.0-ko 50 proiektu baino gehiago aurkeztuko ditu

0

Bizkortze eta berrikuntza irekiko BIND 4.0 plataformak bere lehen ekitaldi birtuala egingo du uztailaren 3an, The Best of BIND 4.0: Virtual Demo Day. Hautatutako mundu osoko 38 startup-ek, BIND 4.0 plataformako partner diren 52 enpresa handien lankidetzarekin, garatu dituzten 53 proiektu teknologiko berritzaileak aurkeztuko dira ekitaldi horretan. COVID-19ak eragindako egungo egoera latzaren ondoren, proposamen teknologiko berriak «plazaratzeko» ekitaldia aldatzearen alde egin du BIND 4.0 programak, aurten ekitaldia modu telematikoan egin dadin. BIND plataformaren laugarren edizioaren amaierako ekitaldi horretan —bosgarren deialdia ere bertan aurkeztuko da—, berritasunez betetako esperientzia aparta biziko da, 4.0 industriaren eta ekintzailetzaren sektoreko guruekin eta zenbait kasu arrakastatsurekin. Horiek guztiak erakusketa guztiz digitaleko espazio batean erakutsiko dira.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Jack Vincent marketineko eta salmentako estrategietan aditua den kazetariaren eta idazlearen eskutik. Ondoren, ekitaldiari jarraipena emango zaio Martin Varsavsky-ren hitzaldi magistral batekin; izatez, Martin Varsavsky ekintzaile eta inbertitzaile ezaguna da nazioartean eta azken 30 urteetan zortzi enpresa sortu ditu Estatu Batuetan eta Europan, eta, hitzaldian, normaltasun berriaren erronkak eta enpresen eta startup-en arteko lankidetzaren gakoak jorratuko ditu. Ondoren, mahai-inguru bat egingo dute zenbait adituk, eta mintzatuko dira startup-en eta enpresa handien arteko lankidetzarako ingurune arinak sortzearen arloko esperientziei eta gomendioei buruz, betiere enpresaren, startup-aren eta administrazio publikoaren ikuspegitik. Mahai-inguru horretan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako eta Coca Cola, Mercedes-Benz eta Unilever konpainietako ordezkariek, besteak beste.

Erakusketa-espazio birtuala, berrikuntzako 53 proiekturekin

Jarduera horiek amaitu ostean, programaren 4. edizioan parte hartzen duten startup-ek eta aurtengo 52 partner enpresek garatutako proiektu berritzaileen kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira. Aurkezpena modu berritzailean egingo da, erakusketa-espazio birtual batean, non hainbat soluzio teknologiko abangoardista ikusi ahal izango diren. Prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzea helburu duten soluzio horiek zenbait arlotako azken teknologiak aplikatzen dituzte: adimen artifizialaren arlokoak, gauzen Interneten arlokoak, Big Dataren arlokoak, Ikusmen artifizialaren arlokoak eta zibersegurtasunaren, nanoteknologiaren eta robotikaren arlokoak. Erakustaldi horiek, gainera, kategorien eta teknologien arabera sailkatuko dira, modu birtualean bertaratzen direnen sarrera errazteko.

Topaketa birtual horrek beste berrikuntza bat ere izango du; aitorpen berezia egingo zaio BIND 4.0 laugarren edizio horretara modu birtualean bertaratutakoen artean boto kopururik handiena lortzen duen startup-ari.

BIND 4.0 bosgarren edizioa prestatzen ari da

Ekitaldiari amaiera emateko, BIND 4.0 plataformaren 5. deialdia irekiko da eta ekitaldi horren berritasunak aurkeztuko dira. Deialdi horrek ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko eta sustatzeko lanean jarraituko du beste urtebetez, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin egingo du, betiere SPRI Taldearen bidez —SPRI Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapeneko agentzia da, eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistema gidatzen du bere UpEuskadi plataformaren bitartez—.Deialdia uztailaren 3an bertan irekiko da, eta startup interesdunek jada haien hautagaitza bidali ahal izango dute.

2016an hasi zenetik egindako lau deialdietan, BIND 4.0 industria adimendunaren berrikuntza irekiko plataformak 108 startup bizkortu ditu guztira, eta 178 proiektu berritzaile garatu ditu Fabrikazio Aurreratuaren, Energia adimendunaren eta Osasunaren eta Elikaduraren Teknologiaren sektoreetan. Kopuru horien arabera, Euskadi munduko berrikuntza- eta ekintzailetza-zentro handienetako bat da.

BIND 4.0 plataforma 2016an jarri zen abian, nazioko zein nazioarteko startup berritzaileen, enpresa handien, inbertsoreen eta Industria 4.0-ko eta ekintzailetzako adituen arteko topagune gisa, eta plataformaren helburua izan zen industriaren eraldaketa digitala bultzatzea eta, aldi berean, ekimen berritzaileen finkapena bizkortzea. Azken edizio honetan, BIND 4.0-k 577 hautagaitza baino gehiago jaso zituen, aurreko edizioan baino % 10 gehiago, eta, horietatik, parte hartu duten mundu osoko 38 startup-ak aukeratu ziren. Gorako bidean dauden enpresa horiek 53 proiektu teknologiko berritzaile garatu dituzte erreferentziazko enpresa handien eskutik, hala nola Ferrovial, EDP, Sarralle, Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, Quirónsalud edo Siemens Gamesa enpresen eskutik.