Bizkaiko Aldundiak ‘Bizikletaren Liburu Zuria’ editatu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Bizikletaren Liburu Zuria’ argitaratu du, garraiobide horren erabilera sustatzeko neurriak modu praktikoan jasotzen dituen dokumentua.

Dokumentu honen azken helburua gure lurraldeko bizi-kalitatea hobetzea da, ohiko joan-etorrietan bizikleta erabiltzen duten pertsonen osasun fisiko eta mentalean bizikletaren erabilerak dakartzan abantailak aprobetxatuz, eta baita abantaila ekonomikoak, ekitate sozialekoak, edo garraiatzeko modurik jasangarriena delako eta beste edozein ibilgailu baino eraginkorragoa delako eragiten dituenak.

Abantaila horiek dira Erakundeak egin duen azterketaren abiapuntua eta honako premisa honetatik ere abiatzen da: «Benetako erronka da pertsona bakoitzak aukera izatea egin behar duen desplazamendu-motari hobekien egokitzen zaion mugitzeko modua aukeratzeko. Bizikletaren kaskoa, zapatila erosoak, Barik edo autoko giltza hartzea unean uneko beharrei lotuta baino ez egotea, eta beste faktore batzuengatik aukeretariko bat baztertu beharrik ez gertatzea».

Liburua dokumentu irekia da eta Bizkaian garatzen diren esperientziekin hazteko eta aberasteko asmoa du. Bizikletaren erabilera onuragarria izateko arrazoi horiek ez ezik, Bizkaiak gaur egun duen egoera jasotzen du, bai garraiobide horren erabileraren ikuspegitik, bai azpiegituren eta bizikleta-sarearen ikuspegitik.

Ildo horretatik, Bizikletaren Liburu Zuriak azpimarratu egiten du Bizkaiak bizikleta-kultura garrantzitsua izateak dakarren aukera, nahiz eta garraiobide hori, gaur egun, gehiago identifikatzen den kirolarekin eta aisialdiarekin, egunero mugitzeko moduarekin baino. Bizikleta, gainera, garraiobide bat bezala sentitzea da helburua, bizikletaren kultura hori bultzatuz eta sarituz.

Argitalpen honek, halaber, bizikletaren erabilera orain arte izan dena baino ikuspegi integratuago batetik jorratzeko beharra jasotzen du, azpiegituren sorkuntzan zentratuta; erabilera berri honen hasierako ikuspuntua dagoen eskaria izango da, txirrindulari potentzialak nor diren aztertuz eta erakundeen arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetza bilatuz, adibidez, gaitasunari eta ezagutzari dagokienez, homogeneotasuna lortzeko modu bat partekatzeko.