Eusko Jaurlaritzak musika jarduera profesionalak diruz lagunduko ditu

0

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2020an musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak onartu ditu bere gaurko saioan. Aurten, 600.000 euroko bideratuko dira musika ekitaldiak sustatzera eta, oro har, musika lanak garatu edo zabaltzera. Deialdiak iaz baino 20.000 euro gehiago izango ditu aurten, eta orain bi urte baino 70.000 euro gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako deialdi honek bost modalitate izango ditu aurten, guztien helburua delarik Euskadiko musikaren arloa bultzatzea:

  • Partitura inprimatuak argitaratzea: Euskal musikarien partiturak editatzeko diru-laguntzak. Modalitate honek 30.000 euroko aurrekontua du. Iaz, 10 laguntza eman ziren modalitate honen bidez. Hona hemen laguntzak jaso zituzten eragileetako batzuk: CM Ediciones, Orpheus Music edo Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
  • Musika proiektu unitarioak: Diru-laguntza lerro honen bitartez musika-proiektuen ekoizpena eta promozioa sustatuko da, bai eta sentiberatze jarduerak edota euskal musikaren inguruko ikerketa eta difusioa ere. Musika sektoreko eragileen etengabeko prestakuntza ere lagunduko da. Modalitate hau musika proiektu propioak kudeatzen dituzten talde eta eragileei zuzenduta dago eta 162.000 euroko aurrekontua du. Honi esker, iaz 37 ekimen diruz lagundu ziren, eta onuradunen artean honako hauek daude: Zea Mays, Josu Okiñena, Ensemble Kuraia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Izaro, Lauroba edo Diego Vasallo, beste batzuen artean.
  • Musika ekimen enpresarialak: Bigarren modalitatearen kasuan bezala, modalitate honen bitartez musika proiektuen ekoizpena eta promozioa sustatuko da, bai eta sentiberatze jarduerak edota euskal musikaren inguruko ikerketa eta difusioa ere. Bigarren modalitatearen bidez bezala, musika sektoreko eragileen etengabeko prestakuntza ere lagunduko da. Modalitate hau, dena dela, musika proiektu desberdinak kudeatzen dituzten eragileei zuzendua da (batez ere disketxeak) eta 214.000 euroko aurrekontua du. Iaz, 17 ekimen lagundu zituzten modalitate honen bidez; laguntza-lerro honen azken onuradunen artean daude Bilboko Kafe Antzokia, Serrano Producciones, Elkar, Mauka Musikagintza edo Baga-Biga Produkzioak.
  • Zuzen-zuzenean zirkuitua: Modalitate honen helburua da euskal musika taldeen programazioa bultzatzea musika areto pribatuetan. Modalitateak 140.000 euroko aurrekontua izango du. Iaz 11 eragilek jaso zituzten laguntzak lerro honen bidez; Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea, Bilboko Kafe Antzokia, Gasteizko Helldorado edo Donostiako Dabadaba aretoa izan ziren laguntza jaso zutenetako batzuk.
  • Musika zikloak: Modalitate berri honen bitartez musika zikloen antolaketa lagunduko da. 50.000 euro bideratuko dira modalitate honetara. Modalitate honen bidez hiru proiektu lagundu ziren iaz: Kuraia Musika Garaikidearen Topaketak, Bilbaína Jazz Club-en 2019-2020 zikloa eta, hirugarrenik, Musikagileak-Musika Garaikidearen Zikloa.

Covid-19ak eragindako krisiak sektorean duen eragina dela eta, musika-zikloetarako modalitatea malgutu egin da, eta lerro horretara sartzeko kontzertuen gutxieneko kopurua murriztu da: aurten gutxienez 10 antolatu beharko dira, eta ez 15. Era berean, deialdiak ez du baztertzen jasotzen diren zenbait neurri eta baldintza malgutzea aurrerago.