Gobernu Kontseiluak lurralde historikoen artean gizarte-zerbitzuen funtsa banatzea onetsi du

0

Gobernu Kontseiluak 14.008.000 euroko gasturako baimena eman du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan aurreikusitako Gizarte Zerbitzuen Funtsa, 14.008.000 eurokoa, lurralde historikoen artean banatzeko. Horrela, Arabako Foru Aldundiari 2.279.101,6 euroko transferentzia egingo zaio, Bizkaiko Foru Aldundiari 7.058.631,2 eurokoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiari 4.670267,2 eurokoa.

Foru-aldundiek aipatutako kopuru horiek banatuko dituzte eta Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoak aldian behingo segimendua egingo du eta urtero Funtsaren betearazpenari buruzko txostena emango dio Finantza Publikoen Euskal Kontseiluari.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak xedatzen du egindako eskumen-banaketaren ondorioz dagokion finantza-doikuntza egitea euskal administrazio publikoen artean, finantza-nahikotasuna bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa hornitzeko autonomia-erkidegoaren mailan, foralean eta udal-mailan.

Legeak gainera dio eskumenen birbanaketa horrek eta finantza-doikuntza horrek inolaz ere ezingo dutela ekarri murrizketarik indarrean sartzen den egunean dauden prestazio eta zerbitzuen intentsitate- eta estaldura-mailetan.

2014an Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren tramitazioaren esparruan lortutako akordioaren bidez,  “Funts” edo erakundeen arteko finantzaketa-lankidetzarako formula bat sortzea aurreikusten da, foru- eta/edo udal-mailako gizarte-zerbitzuen arloan zerbitzu eta prestazio ekonomikoak finantzatzeko.

2019ko urriko Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren bileran erabaki zen Aparteko Funtsa eratzea, 20.000.000 eurokoa, Euskal Autonomia Erkidegoko foru- edo udal-erakundeek egiten dituzten Zorroari buruzko Dekretuko prestazioak eta gizarte-zerbitzuak –berriak edo oso gutxi garatuta– hornitzeko beharrezkoak diren jarduketak finantzatzeko.

Funts horri eginiko finantza-ekarpenak Eusko Jaurlaritzari dagozkio batetik, eta, bestetik, foru-aldundiei, koefiziente bertikalarekin proportzioan (% 70,04 eta % 29,96) eta horizontalarekin proportzioan (Araba % 16,27, Bizkaia % 50,39 eta Gipuzkoa % 33,34).