Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu zituzten hiru Lurralde Historikoetako bakoitzean Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak. Guztira 18 alderdi politiko aldarrikatu dituzte, horietako hamabi hiru Lurralde Historikoetan aurkeztu dira, bost hautesbarruti bakarrean dira eta bat bitan. Aldarrikatutako hautagai-zerrendak gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Uztailaren 12ko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu diren hautagai-zerrendek aurkeztutako dokumentazio osoa aztertu ondoren, hiru Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek atzo, astelehena, aldarrikatu zituzten Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.
Hamabi dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetako bakoitzean hautagai-zerrendak aurkeztu dituzten alderdi politikoak: Euzko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSOE), Animalien Tratu Txarren Aurkako Alderdi Animalista (PACMA), Euskal Herria Bildu (EH Bildu), Aulki Zuriak, Equo Berdeak, Vox (Vox), Bidezko Mundurantz (PUM+J); PP+Cs (PP+Cs), Elkarrekin Podemos, Recortes Cero Los Verdes (Recortes Cero LV) eta Libres por Euskadi.
Horiez gain, beste bost dira hautagai-zerrendak Lurralde Historiko bakarrean aurkeztu dituzten alderdiak: Ongi Etorri (Araba); Alderdi Humanista (Bizkaia); Unión Cristiano Demócrata Española (UCDE) (Gipuzkoa); Euskadiko Langileen Alderdi Komunista (PCTE) (Bizkaia) eta Alderdi Libertarioa (Gipuzkoa).
Liga Foralista – Foruzaleak Arabako eta Bizkaiko hautesbarrutietan aurkeztuko da.
Hautagai-zerrendak EHAAn argitaratu ondoren, aldarrikapenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea zabaldu da. Zehazki, inpugnazioak ekainaren 17n eta 18an aurkeztu beharko dira eta epaitegiek ekainaren 20rako eman beharko dute euren erabakia. Inpugnatutako hautagai-zerrendek erabakia Konstituzio Auzitegiaren babes-errekurtsopean jarri ahal izango dute, eta honi buruzko erabakia hauteskunde-kanpaina hasi aurretik, (ekainaren 26) eman beharko luke.