Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak elektronikoki izapidetzen hasi dira

0

Enpresek eta administrazioek ingurumen-ebaluaziorako prozedurak telematika bidez izapidetu ditzakete dagoeneko, INGURUNET erabiliz, Ingurumenari buruzko Informazio eta Tramitazio Sistema. Ingurumen-arloko tresna hori Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak berriki jarri du abian, helburu honexekin diseinatuta: ingurumen-arloko edozein administrazio-prozedura elektronikoki izapidetzea eta, ingurumen-arloan, betebeharrak konplitzeko herri-administrazio, erakunde eta enpresek behar duten dokumentazio guztia elkarrekin trukatu ahal izatea.

Plataforma hori 2018ko abuztuan hasi zen erabiltzen, eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratu (IPPC), natur ondare, ekoetiketa, ingurumen-erantzukizun, betelan eta sailkatutako jarduerei buruzko espedienteak eta ingurumen-arloko baimen integratuak izapidetuz hasi zen. Aurtengo urte hasieratik, lurzoruei buruzko espedienteak ere izapidetzen ditu. Abian jarri zenetik, ingurumen-arloko 1.551 izapide egin dira dagoeneko, eta gehienak, 662, IPPCari dagozkio. Gero dator lurzoruen arloa, ia 300 izapide, eta sailkatutako jarduerak, 296.

Orain ingurumen-azterketaren irismenaren dokumentua duten Ingurumen Ebaluazioko izapideak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoak eta ingurumen-inpaktuko ebaluazio erraztuak ere gehitu dira. Prozedura horiek, hala plan eta programetakoak nola proiektuetakoak, oso garrantzitsuak dira ingurumen-arloan izapideak egitean. Halaber, PRTR (edo Emisio eta Transferentzia Kutsagarrien Europako Erregistroa) prozedura jarri da abian.

Tresna hori garatzeko, enpresek, udalek eta, oro har, herritarrek parte hartu dute.  Egindako gehikuntza bakoitzean, multimedia-eskuliburuak eta -dokumentazioa baliatu dira integrazioa eta aurkezpen publikoa errazteko, eta eragile interesatuen erantzuna oparoa izan da. Interes horri esker, kontsulta kopuru handi bat egin da, 8.000tik gora, Inguruneten funtzionamendu eta ezaugarriei buruzkoak.

Alde horretatik, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak Ingurunet ezartzeko Ingurumen Sailaren apustu irmoa nabarmendu du, “izan ere, giza eta teknika-baliabide asko jarri ditu horretan, eta 2 milioi euroko inbertsioa legealdi honetan”.

Eusko Jaurlaritzako ingurumen-arloak espediente-karga handia zamatzen du, eta espedienteon bolumena handituz doa urtez urte, neurri handi batean, gehitu egin direlako araudia eta gaian eskudunak diren askotariko administrazioek ezarritako kontrolak, bereziki sorburua Europar Batasunean duten zuzentarauen ondorioz, baina baita edozein plan, programa eta proiektu martxan jartzean ingurumen-izapidetzeak dakarren ekonomia-jarduera eta garrantzia direla eta. Azken lau urtean, Ingurumen Sailburuordetzak egindako komunikazioak eta izapidetzeak % 70 inguru hazi dira.

INGURUNETen helburu nagusietako bat, hain zuzen, herritarrek, enpresek eta udalek EAEko Administrazioarekin egin behar dituzten izapidetze guztiak albait gehien erraztu eta arintzea da, eta horrek eragin onuragarria izango du Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zein gizartea suspertzeko.

Plataformak areagotu egingo du bere katalogoa hurrengo hilabeteetan, hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak izapidetzeko prozedurak, ingurumenaren ikuskapena eta airearen kalitatearen babesa integratuz, egun IKS sistemaren bidez izapidetzen baitira, eta, une hori helduta, erabat “itzaliko” da.