Sefanitro eremuko hiri diseinua erabakitzeko herritarren partaidetzazko prozesuari ekin zaio

0
PRUEBA

Herritarren partaidetzazko prozesuari ekin dio Barakaldoko Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hiri Kudeaketa Arloak, Sefanitroko eremuan garatu beharreko lurzatien diseinua erabakitzeko.

Herritar barakaldar guztiei zuzentzen zaie ekimena, eta, bereziki, Lutxanako auzoan bizi direnei. Informazioa zabaltzeko materialaz gainera, iradokizunak eta iritziak biltzeko atal bat prestatu da udal webean (www.barakaldo.org).

Horrez gainera, jendaurreko bi saio egingo dira, zuzenean eta telematikoki, informazioa azaltzeko eta jendeak parte hartzeko. Ekainaren 23an izango dira biak, goiz-arratsaldez, nahi duen orok etortzeko aukera izan dezan. Goizeko saioa 12:00etan izango da, eta arratsaldekoa, berriz, 19:00etan.  Telematikoki parte hartzeko web esteka, hau: https://meet.jit.si/participa-perisefanitro.

Lutxanako Teknikaren Museoko pabiloian izango dira aurrez aurreko saioak, baina, kopurua mugatuko da Covid-19aren kutsadura arriskua saihesteko.  Etorri nahi duenak aldez aurretik eman behar du izena horretarako propio prestatutako udal webeko atarian.

Parte hartzeko ekintzen osagarri, banakako edo taldekako elkarrizketak egingo dira, aurrez aurre, telefonoz edo telematikoki, osasun-egoeraren arabera.  Aukeran izango da, galde-sorta paperean.

Sefanitroko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketa puntualerako prozedurari hasiera emateko fasearen barruan dago ekimen hau. Alde horretatik,  proposamen bat egin dute lurraren jabeek, eta trukean, inguruaren hainbat hirigintza-hobekuntza proposatu ditu Udalak.

«Ingururako eta Barakaldo osorako hirigintza-hobekuntzak egiteko jarduketak proposatzen dituelako, batez ere, proposamenak interesgarria dirudien arren, , garrantzitsua da zuzenean eragindako herritarren iritzia eta ekarpenak kontuan hartzea», adierazi du zinegotzi Alfredo Retortillok.

Udal teknikariek ezarritako parametro guztiak betetzen ditu proposamenak, eta herritarren parte-hartze prozesua bideratzeko oinarria izango da. Edonola ere, udal talde politikoek dute azken hitza; beraz, Udalbatzak onartu beharko du Sefanitroko eremua birdiseinatzeko prozedura abiarazi ala ez.

Ez da hau Udalak eremu horretan abiarazten duen lehenengo partaidetzazko prozesua. 2013 eta 2014 bitartean sustatu zuen toki erakundeak Lutxana, Llano eta Burtzeña auzoetako hiri garapena erabakitzeko ekimen bat, Sefanitro barne hartzen zuena. Orduan eraman zen Udalbatzara eremu horretarako Plan Orokorraren aldaketa, baina, behin baino gehiagotan izan zen gaitzetsia.