%100ean elektrikoa den autobus bat probatuko du Dbusek

0

Donostiako Udaletxean hirian datozen hiru asteetan aurrera eramango den proba pilotua aurkeztu da. Dbusek %100an elektrikoa den lehen autobusa ezarriko du bere 26. linean. 12 metro luze dituen autobusa da eta igorpen kutsatzailerik eta igorpen akustikorik gabekoa.

Proiektu pilotua 26-Amara-Martutene linean gauzatuko da, benetako zerbitzu batean eta bidaiariekin. Linea hori hautatu da, izan ere, linea horretan hainbat teknologiatako autobusak ari dira funtzionamenduan eta horrek autobus horien funtzionamendua konparatzea ahalbidetuko du. Ibilgailua Solarisek utzitakoa izango da, eta 200 km baino gehiagoko autonomia dauka High Energy+ baterien teknologiari esker.

Kotxetegietan eta gauez kargatuko da, eta Donostian zerbitzua emateko moldatu da. Izan ere, Dbusen autobus flotaren informazio sistemetara egokitu da eta konpainiak dituen beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola zoru baxuko plataforma eta gurpildun aulkiak sartzeko arrapala.