Bilbon bi kilo speed eta kilo erdi kokaina atzeman ditu Ertzaintzak

0
PRUEBA

Joan den astelehenean Ertzaintzak egindako drogaren aurkako operatiboan bi kilo speed eta 400 gramo kokaina atzeman zituzten. Polizia-dispositiboan substantzia sorgorgarrien trafikoagatik aurrekari ugari dituen gizon bat atxilotu zuten, eta atzo sartu zuten espetxean. Legez kanpoko merkatuan, txikizkako salmentan, drogaren balioa 60.000 euro ingurukoa izango litzateke.

Bilboko Ertzain-etxeko droga taldea urte hasieratik ari zen substantzia sorgorgarrien trafikoagatik aurrekariak dituen Bizkaiko hiriburuko bizilagun baten jarduerak ikertzen.

Joan den astelehenean, hilaren 15ean, gauzatu zuen operatiboan, Ertzaintzak kalean, Errekalde auzoan, atzeman zuen susmagarria, une horretan droga-salmentan ari zela dirudien gazte batekin batera. Atxilotuari aurkitu zizkioten bi poltsatxotan 20 gramo speed eta, barruko arropan ezkutatuta, 50 gramo kokaina aurkitu zituzten, eta atxilotu egin zuten, beraz.

Atzo Bizkaiko hiriburuko hainbat leku miatu zituzten, eta trasteleku batean 1.966 gramo speed eta 342 gramo kokaina atzeman zituzten. Atzemandako droga-kopuru horrek, txikizka salduta, 60.000 euro inguruko balioa izango luke.

Atxilotuak, 41 urtekoak, polizia-aurrekariak ditu droga-trafikoagatik, eta atzo eraman zuten epailearen aurrera. Epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.