Gipuzkoako hiriburuak esparru biosanitarioa garatzeko izan duen esperientzia Turinek eredutzat hartu nahi du.
Izan ere, Europako Batzordeak proiektu pilotu bat onartu du. Proiektuaren bidez, Italiako hiri horretara eramango da Biodonostiak, osasun berrikuntzako institutu gisa, zabaldutako eredua.
Datozen hilabeteetan, Donostiako Udaleko ordezkariak Turinera joango dira, Donostiako osasun ekosistemaren garapenaren gakoak eta beren lankidetza eredua aurkeztera. Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi zuenez, “urrats honek agerian utzi du hiriak zientzia eta berrikuntza sustatzeko eta garatzeko politiken alde egin duen apustua bere ondorioak izaten hasi dela gure mugetatik kanpo ere. Era berean, Turinen eredua nola garatzen den monitorizatzea ere aurreikusten dugu proiektu pilotuaren lehenengo fasean”.