‘Bidegileak’ bildumaren azken lau aleak aurkeztu dituzte

0

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak Bidegileak bildumaren azken lau aleak aurkeztu ditu gaur, 33 urte bete dituen proiektu honi amaiera emanez. Ekimen honen helburua urte hauetan guztietan izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutzera ematea, eta honakoak dira azken lau aleetako protagonistak: Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili Arbilla. Guztira, proiektua 1987an abian jarri zenetik, 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazi dira ekimen honen bitartez.

Alkortarekin batera, prentsaurrekoan izan dira azken aleetako egileak: Elixabete Garmendia, Miren Jone Azurzaren inguruko liburuxkaren egilea; Jose Luis Txipi Ormaetxea, Jose Luis Alvarez Enparantzaren inguruko liburuxkaren egilea; eta Alberto Barandiaran, Xole Erbitiren inguruko alea egin duena. Joxe Arratibelen inguruko alea egin duen Miel Anjel Elustondo ezin izan da bertaratu.

Euskara Sustatzeko zuzendariak Bidegileak proiektuaren ekarpena nabarmendu du: “Ezin dugu ahantzi nondik gatozen, ezta nor garen ere. Eta horretarako tresna ezin hobea da Bidegileak bilduma. Belaunaldi berriek horren bidez aukera izan dute euskararen bilakaeraren berri izateko. Gaur egun normaltzat eta betikotzat jotzen dugun euskara batua eta euskararen erabilera hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan eta gizarteko esparru desberdinetan (aisialdia, ingurune digitala..) herri-erakundeek eta euskalgintzak 30 urteotan euskara biziberritzeko asmoz bultzatu duten hizkuntza-politikaren emaitza da. Hori sakontzen eta areagotzen jarraitu beharko dugu”.

Aurreko liburuxka guztiak bezala, azken lan hauek lau aletako sorta batean argitaratu dira. Liburuxkak aspaldi burutu baziren ere, urte hasieran inprimatu ziren. 2.300 ale editatu dira eta, horrekin batera, aurreko liburuxka guztiak bezala, euskadi.eus webgunean eskegi dira. Bertan kontsultatu daiteke Bidegileak-en ibilbidean zehar landu den euskaltzaleen zerrenda: