Gaztenpresa Fundazioak 405 enpresa berri eta 787 lanpostu sorrarazi ditu 2019an

0

Gaztenpresak 2019ko Urteko Memoria aurkeztu du. Enpresak sortuz enplegua sustatu eta finkatzea da LABORAL Kutxaren enplegu-fundazioaren helburu nagusia, eta 2019ko ekitaldian zehar oso handia izan da helburu horren betetze-maila. Hala, iaz 405 enpresaren eraketa bultzatu zuen Gaztenpresak, eta horri esker 787 lanpostu berri sortu dira.

Ibon Urgoiti, Gaztenpresako lehendakaria, harro azaldu da Fundazioak 25 urte bete izanagatik eta 2019ko ekitaldian lortutako emaitzengatik. Halere, kezkati ere agertu da, COVID-19ak sorrarazitako krisialdiagatik eta horrek ekonomia eta enpleguan izango duen eraginagatik: “BPGd-aren jaitsiera eta langabeziaren igoera ikaragarriak etorriko dira; ondorioz, familia eta enpresa askok egoera dramatikoei aurre egin beharko diete; horregatik, Gaztenpresan areagotu egin behar ditugu ahaleginak egoera horiek arintzen laguntzeko”.

Bestalde, Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, hitz eman du baliabide guztiak jarriko direla martxan ekimen publikoaren eta pribatuaren bidez, pandemiaren ondorioz gazteak belaunaldi sakrifikatua izan ez daitezen. Artolazabalek Gaztenpresako lantaldea  zoriondu du azken 25 urteetan egindako lanagatik, eta honako hau azpimarratu du: “Gaztenpresa da elkarrekin lan egiteko tresna horietako bat, elkarrekin pedalari eragiteko tandema, datozkigun garai txarrak gainditu ahal ditzagun”.

Hitzaldien txandak amaitzeko, 2019ko Memorian jasotako mugarri nagusien berri eman du Gaztenpresako zuzendariak. Enpresa-proiektu batek osatu behar dituen etapak eta Fundazioak horietako bakoitzean eskaintzen duen laguntza berezia nabarmendu ditu Inma Ramosek. “Gaztenpresan modu pertsonalizatuan artatzen dugu proiektu bakoitza. Ekintzailearekin batera lan egiten dugu negozio-plana egiten, finantzaketa lortzen eta ondorengo etapak bideratzen, denborarekin negozioak finka daitezen”, esan du.