Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua % 5 hazi da 2019an

0

Desgaitasuna duten pertsonen enpleguak gora egiten jarraitu du Euskadin, kolektibo honek laneratzeko dituen zailtasun bereziak gorabehera. 2019an, EHLABE Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Bereziko Zentroen Elkartean bildutako enplegu-zentro bereziek 128 pertsonako hazkundea izan zuten (% 1,6 gehiago) eta beste 205 pertsona enpresa arrunteko jardunean hasi ziren; beraz, guztira, 333 lanpostu berri, aurreko urtean baino % 5 gehiago.

Horrela, 2019an, lehenengo aldiz, enplegu-zentro bereziek 8.000 langile baino gehiago bildu zituzten, 8.229 lanpostura iritsi zirelarik. Kopuru horiez gain, azken urtean, Sutargi enpresa sartu da EHLABEn, eta horrenbestez, elkarte honek 14 erakunde eta ehundik gora enplegu-zentro biltzen ditu dagoeneko, Euskadiko lan-enpresa berezien % 95 baino gehiago, alegia. Gainera, elkartea osatzen duten enpresek 366 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2019an

Hazkundea izan da joera nagusia azken urteotan. 2011z geroztik, desgaitasuna duten pertsonen enpleguak % 38ko igoera izan du gizarte-ekimeneko EZBetan. Euskadin, urte hartan, kolektibo honek 5.964 lanpostu zituen erakunde horietan, eta egun 8.000 lanpostu baino gehiago ditu.

Horiexek dira, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Txema Franco EHLABEko presidenteak eta Pablo Moratalla elkartearen koordinatzaileak gaur goizean aurkeztu duten EHLABEren 2019ko balantzean bildutako ondorio nagusietako batzuk.

Hala ere, pandemiak sortutako krisiaren eraginez, EHLABEko enpresek lan-estrategiak birbideratu behar izan dituzte. “Sektoreak enplegua sortzen jarraitu du etenik gabe, baina pairatzen ari garen krisi ekonomiko eta sanitarioak inpaktu ekonomiko eta sozial handia izango du gure erakundeetan”, EHLABEko presidentearen esanetan.

Ildo horretan, Euskadiko gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezien oraingo lehentasunak bi norabidetara zuzenduta daude: pandemiari eusteko beharrezko neurriak hartzen jarraitzea, erakundeetako langile guztien osasuna bermatuz, eta desgaitasuna duten pertsonen enpleguaren suntsipena saihestea, Txema Francok azpimarratu duenez.

Ildo beretik, Artolazabalek adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak enplegu babestuari eusten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren laneratze maila altuak sendotzen jarraituko du, elkarrekin lan eginez».