Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalerak, Azkuna Zentroak eta Artiumek batera bultzatuko dute Komisario Berriak 2020

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Azkuna Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak indarrak batu dituzte berriz ere Komisario Berriak 2020 antolatzeko. Proiektuaren aurkezpenean azaldu dutenez, ekimen honen helburua da komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea. Gaur bertan ireki da deialdi honetara aurkezteko epea, eta hautagaiek hiru beka izango dituzte eskura, zentro laguntzaile bakoitzeko bana.

Komisario Berriak 2020ren aurkezpena gaur goizean egin dute Tabakaleran, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria eta Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, ekimen honen bidez lau helburu lortu nahi dituzte: «Lehenik eta behin, komisarioen belaunaldi berri bat bultzatu nahi dugu. Era berean, ezagutzaren trukea sustatu nahi dugu Europako profesionalen artean. Komisario Berriak-ek, hirugarrenik, artista berriak sartu nahi ditu Europako arte zirkuluetan. Azkenik, lankidetza sareak sortu nahi ditugu tokiko erakundeen artean».

Proiektuan parte hartzen duen zentro bakoitzak lan-ildo bereizi bat proposatzen du, eta zentroak arduratuko dira beken deialdia modu koordinatuan kudeatzeaz. Deialdi hau komisariotzaren arloari lotutako ibilbidea duten pertsona fisikoei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta ikerketaren arloko beste profesional batzuk. Era berean, hautagaiak zentroetako bat aukeratu beharko du bere proiektua aurkezteko; hautagai berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentro ezberdinetara.

Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua du; hortaz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzera. Eskabideak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Erakunde bakoitzak izendatutako arduradunek baloratuko dituzte proiektuak, kontuan hartuta deialdiaren helburuekiko interesa eta egokitasuna (50 puntu), bideragarritasuna (aurrekontua, egutegia…) (30 puntu) eta, hirugarrenik, egileen ibilbidea (20 puntu).