Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Bizigarritasunari buruzko Dekretuak eraikin berrietan terrazak eta balkoiak eraikitzea lagunduko du

0

Gaur goizean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak ezagutzera eman ditu Eusko Jaurlaritza osatzen amaitzen ari den Bizigarritasunari buruzko Dekretuaren ildo estrategikoak. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren estandarrak hobetzeko eta handitzeko helburu nagusia du. Dekretuaren berrikuntza nagusietako bat da terrazen eta balkoien eraikuntza ez dela eraikigarritasun gisa zenbatuko. Horrek proiektu berrietan terrazak eta balkoiak ezartzen lagunduko du.

Gaur egun, sektore- eta lurralde-mailan neurri batzuk kontuan hartzen diren arren, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago etxebizitzen bizigarritasuneko gutxieneko baldintzak bakarrik erregulatuko dituen araudirik, ez obra berrirako, ez jada eginak daudenetarako. Bizigarritasuna oinarrizko baldintza batzuei lotua dago azalerari eta altuerari, konfort termikoari, ekipamenduari, osasungarritasunari, irisgarritasunari, erabilerari eta mantentzeari dagokienez; baina etxebizitza bizitzaren etapa bakoitzera, eta egungo bizimodu eta premia berrietara egokitzeko malgutasuna edo moldaerraztasuna ahaztu gabe.

Moldaerraztasun hori kontuan hartuz, jada derrigorrezkoak diren puntuez gain —hala nola eraikineko bide eta espazio guztietara sarrera librea bermatzea, eta sustapen bakoitzean mugikortasun murriztuko pertsonentzako egokitutako etxebizitzak erreserbatzea— Eusko Jaurlaritzaren proiektuak hobekuntzak biltzen ditu,. Horretaz gain, gela bakoitzak (sukaldea, jangela/egongela, komuna eta logela bat gutxienez) gutxieneko neurriak izan beharko ditu, ondoren agertutako mugikortasun murriztuko pertsonek erabiltzeko edo, aldaketa txiki batzuk eginez, haien beharretara egokitzeko. Hala, etxebizitza guztiak erabilgarriak edo moldagarriak izango direla bermatuko da. Horrek jauzi kualitatibo nabarmena ekarriko du.

Besteak beste, dekretuaren berrikuntzen artean dago etxebizitzaren deshierarkizazioa; hala, etxebizitzaren ohiko konfigurazio banandua eta tokibanatze tradizionala ezabatzen da. Konfigurazio hori betetzen zen, adibidez, etxebizitzan logela nagusia handia zenean eta beste gela edo gelak askoz ere txikiagoak (6 m2-koak zenbait kasutan) zirenean. Arau berriaren arabera, logela bakoitzak, gutxienez, 10 metro karratu eduki behar ditu, edo 11,5 metro karratu, biltegiratzeko espazioa badu. Hirugarren gelak —halakorik balego— soilik izan lezake 8,5 metro, baldin eta egongelari 3 metro gehitzen bazaizkio. Logelak lo egiteko lekua izateaz gain, espazio funtzioaniztuna izan behar du, eta ikasteko, lan egiteko, jolasteko edo erlazionatzeko ere balio behar du.

Halaber, eraikinen eta etxebizitzen diseinuan genero-ikuspegia ere hartu da kontuan, atarietan eta gune komunetan segurtasun-falta eragin dezaketen bazterrak eta angelu itsuak ekidinez, eta egongelako/jangelako/sukaldeko espazioa ahalik eta ondoen integratuz, etxeko lanak guziok ikusteko modukoak izan daitezen eta familia-unitate osoak parteka ditzan.

Etxebizitzaren gutxieneko azalera 35 m2-tan finkatu da; sukaldeak, berriz, gutxienez 7 m2 izan behar ditu, babes ofizialeko etxebizitzetarako jada eskatzen den bezala. Gainera, egongelako edo jangelako espazioarekin lotuta edo haren ondoan egon behar duela finkatu da.

Arau berriaren bidez egungoa baino etxebizitza moldaerrazagoa bilatzen da. Arauaren filosofia da, gutxieneko baldintzak bermatu ondoren, etxeen diseinuan eta eraikuntzan ahalik eta askatasun handiena ematea, eraikina berritzea erraztuz.