Haurren bisitak eta trukeak egiteko deribazio judizial bidezko Familiartekoen Elkarguneetan hartutako familien kopuruak gora egin du

0

Deribazio judizial bidezko Familiartekoen Elkarguneetako jardueraren urteko txostena aurkeztu du Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek. Bertan adierazitakoaren arabera, 2019. urtean, ia mila familiari eman zieten zerbitzu hori. Sailburuak adierazi duenez, “iaz 987 familiek erabili zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Familiarteko Elkarguneak trukeak edo bisitak egiteko. Zenbatekoa % 5 baino pixka bat gehiago hazi da. Gorakada hori bat dator zerbitzua erabili zuten haurren kopuruaren igoerarekin —iaz 1.375 haur, 2018an 1.299—”.

Arreta jaso duten mutikoen (% 51) eta neskatoen (% 49) ehunekoa oso antzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko deribazio judizial bidezko zortzi Familiartekoen Elkargunetan: Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Durango, Tolosa eta Gernika.

Familiartekoen Elkarguneak espazio neutralak dira. Haien helburua da haurrek euren gurasoekin harremanak segurtasun-baldintza handienekin eta erosotasun-baldintza onenean egin daitezen bermatzea. Horretarako, Elkarguneek diziplina anitzeko teknikari-taldeak dituzte, une oro adingabeak zaintzeko eta babesteko. San Josek gaineratu duenez, “Familiartekoen Elkarguneetan arreta jaso duten helduei buruz esan 2.000 baino gehiago izan direla. Kasuen % 85ean amak dauka haurren zaintza. Aitzitik, 326 urruntze-aginduetako gehienak (% 92) gizonei jarri dizkiete. Iazko datuekin alderatuz, ia % 20 gehiago”.

Txostenaren aurkezpenean, Maria Jesus San Jose sailburuarekin batera Ines Ibañez de Maeztu Justiziako zuzendaria egon da. Zuzendariak Familiarteko Elkargune bakoitzean egindako jarduera zehaztu du, eta 2019an landu zituzten mila espediente judizialen jatorria zehaztu du.

Programatutako 31.000 jarduketen % 63 erabat amaitu ziren. Bertan behera geratu zirenen edo eten zirenen artean tutoretzapeko bisitak nagusi izan ziren (% 42).

Guztira, tutoretzapeko 7.894 bisita amaitu ziren. Halaber, programatutako trukeen % 68 egin ziren —11.359—. Aurreko urtearekin alderatuta % 16 gehiago.