Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen enpleguak, 2019an, % 19 gora egin du GIZATEAren inguruan

0

María José Rodrigo GIZATEA – Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko presidenteak honako hau esan du: “gizarteratzeko enpresetan lan egin eta ibilbidea 2019an amaitu duten pertsonen % 63 lan-merkatu arruntean sartu dira. Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen enpleguak % 19 egin du gora 2018an. Laneratzeko enpresetako 836 langile edo 1.368 enplegu, guztira, enplegu arruntak ere kontuan hartzen baditugu. Horrek guztiak gizarte-kohesio handiagoa erakusten du”.

“Zifra horien atzetik pertsonak daude, eta zailtasun gehien duten pertsonentzat azken 4 urteotan enplegua sortzeko izan den joera positiboak gizarte-inklusio eta -kohesio handiagoa dakar. Eusko Jaurlaritzak sektoreari ematen dion laguntza funtsezkoa da, eta bereziki beharrezkoa COVID19ak eragindako osasun-krisiaren egungo egoeran eta epe ertainera ekonomiaren eta enpleguaren bilakaeraren inguruan dagoen ziurgabetasun-egoeran”, esan du Rodrigok.

María José Rodrigorekin eta Leire Álvarez de Eulate GIZATEAko presidentearekin eta kudeatzailearekin batera, Beatriz Artolazabalek 2019ko GIZATEAren memoria soziala aurkeztu du. Artolazabalek dioenez, “2019ko datuek erakusten dute hazten ari den sektorea dela, eta Euskadi kohesionatuagoa izaten laguntzen duela. GIZATEA eratzen duten enpresen datuek jardueraren balantze ona eskaintzen dute; zifrek egiaztatzen dute kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen lan-inklusioa lortzeko bide egokitik goazela. Hala ere, egungo egoeran, COVID-19ak eragindako krisialdi honetan, elkarrekin lanean jarraitu behar dugu, krisi honek sektorean eta, ondorioz, pertsona kalteberenengan izan dezakeen inpaktua arintzeko”

Aukerak

GIZATEA-Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteak 43 enpresa batzen ditu; enpresa horien helburua da enplegu-aukerak sortzea gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzat. Datu horiek, laugarren urtez jarraian, 2008ko krisialdiaren urterik latzenen ondoren, bilakaera positibo argia erakusten dute ekonomia- eta gizarte-adierazle nagusietan.

Enpresa horiek, 2019an, 1.368 enplegu sortu zituzten; haietatik, 836 (% 61) laneratzeko enpleguak izan ziren. Laneratzeko enplegu gehien sortu den urtea izan da. Gizateako enpresa bazkideak erreferentea dira Estatu-eremuan; Estatuko laneratzeko enpresetako enpleguaren % 25 baino gehiago kontzentratzen dute.

“Gure helburu nagusia da kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, eta, horretarako, pertsonekin ez ezik, gizartearekin ere lan egiten dugu, oro har: erakundeak, gizarte-eragileak, enpresak eta unibertsitateak, lan-ingurune inklusiboak sustatzeko, pertsona guztientzako aukerak eskaintzen dituztenak”, azpimarratu du Gizateako presidenteak prentsaurrekoan. “Eta hori guztia elkarlanaren eta sareko lanaren bidez egiten dugu”

GIZATEAk enpresa-sektore arruntaren sentsibilizazio-lana egiten du, aliantzak sortzeko eta elkarlanerako aukerak detektatzeko, eta haiek, aldi berean, laneratzeko dauden enpresetan lanpostu berriak sortzeko, enpresa berriak sortzeko eta enplegu arruntera igarotzen den pertsona-kopurua eta kalitatea areagotzeko aukera eman dezaten.

2019an, laneratzeko euskal enpresetan ibilbidea amaitu zuten pertsonen % 63 enplegu arruntera sartu ziren; datu horrek erakusten du laneratzeko enpresak laneratzeko tasa altuenak dituzten enplegu-politiken tresnetako bat direla.

Datu ekonomikoak direla eta, laneratzeko euskal enpresek 2019an diru-sarrerak handitu dituzte; 32 milioi euro baino gehiago izan dituzte, eta, haietatik, 23 milioi ondasun edo zerbitzuen fakturazioaren ondoriozkoak izan dira, nagusiki bezero pribatuei eginikoa (% 77) eta % 23 sektore publikoari eginikoa. Sektore publikoari eginiko ehuneko hori % 5 areagotu da azken urtean.