“Baserritik Mahaira”, Europan elikadura sistema iraunkorrak lortze aldera

0

“Baserritik-mahaira” estrategia Europako “Itun Berdea” estrategiaren muinean dago, bidezko elikadura sistemak, osasuntsuak eta ingurumenarekiko errespetatua dutenak lortzeko helburuarekin. “Baserritik mahaira” estrategia berri honek puntu positibo ugari ditu, baina kezkak ere sortzen ditu. Horregatik, Europako hainbat unibertsitatea eta ikerketa guneetako 23 akademiko, tartean EHUko ikertzaile diren Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi, estrategia hau aztertzeko elkartu dira, elikagai sistema justu, osasuntsu eta jasangarri bat lortzeko egiten dion ekarpena baloratzeko. Hausnarketa honen ondorio eta ekarpenak gutun batean bildu eta Europar Batzordeko Timmermans Lehendakari-ordeari helarazi diote.

Estrategia honek erakusten duen epe luzerako ikuspegiak trantsiziorako beharrezko konpromisoa ahalduntzen duela azpimarratu du ikertzaile taldeak. Era berean, 2023rako elikadura-sistema jasangarrietara aldaketak egiteko lege-esparru bat garatzeko proposamenak lotesleak ere dakartza. Ikertzaileek adierazi dutenaren arabera, badaude beste irizpide batzuk oso ongi etorriak direla “Baserritik-mahaira” estrategiaren barnean, hala nola: elikadura-sistemen ikuspegi integrala aintzat hartzea; pestizida kimikoei, ongarriei, nekazaritza organikoari eta erresistentzia antimikrobianoari buruzko helburuak jasotzea; «elikadura-inguruneak» elikadurarekin lotutako erronka askori aurre egiteko duen garrantzia azpimarratzea; edo, zerga-sistema bat ezartzea elikagaien prezioak benetako kostuak islatzeko.

Ikertzaileen aburuz estrategiak alderdi positibo asko ditu. Baina, aldi berean, horiek zaharkitutako esparru batean integratuta daudela ohartarazi dute, nabarmenduz, hazkunde ekonomikoaren (hazkunde berdea) paradigmatik haratago joan behar dela.

Izan ere, ebidentzia zientifikoetan oinarrituz, hainbat kezka nabarmendu dituzte elikadura jasangarri baten aldeko erronkan oztopo izan daitezkeenak. Besteak beste, estrategiak ez ditu egungo elikagai-ekoizpen industrial ereduaren efektu negatiboak aintzat hartzen; ez ditu beste ekoizpen eredu batzuk nabarmentzen, agroekologia kasu, zeinak frogatuta gelditu den iraunkortasunaren bidean eraginkorra dela. Bestalde, abeltzaintza estentsibo baten aldeko apusturik ez egiteak ere oso azpimarragarria da, izan ere, abeltzaintza intentsiboa ez dator bat ez ingurumenaren aldetik ez eta elikadura osasuntsu baten aldetik ezarritako helburuekin. Hornidura-kate alternatiboen aipamen eza ere arduragarria da, jakinik horiek argi eta garbi betetzen dituztela “Baserritik mahaira” estrategiaren helburu nagusiak (elikagai irisgarriak, osasungarriak eta iraunkorrak ematea). Estrategia honek ere ez ditu ogibidean sartu berri diren ekoizleen beharrak aipatzen, hala nola lurraren eskasia edo kostuak besteak beste, eta hain zentrala den landa inguruneko nekazaritza errelebo faltari dagokion erronka ez du aintzat hartzen.

Gutunean hainbat puntu gehiago jorratzen dira: elikagaien kontsumoa, gobernantza ereduak, elikadura-ekoizpen inguruko langileen eskubideak edo/eta ikerketa eta berrikuntza arloak. Horiek guztiak kontuan hartu beharko dira “Baserritik mahaira” estrategiak Horizon Europe estrategian duen zentraltasunagatik, hau da, hurrengo Europako I&B Programa Markoa.