Emakume bati tira eginda urrezko katea lapurtu zion gizona atxilotu dute Portugaleten

0

Ertzainek 19 urteko gazte bat atxilotu dute gaur, asteartea, goizean, Bilbon, indarkeria erabiliz maiatzaren 28an Portugaleten ustez lapurreta egitea leporatuta. Biktima adineko emakume bat da, eta etxeko portalean sartzera zihoala, gazte bat hurbildu zitzaion, eta tira eginda urrezko katea kendu eta lurrera bota zuen. Lapurreta egitean eragindako lesioen ondorioz, ukondoan ebakuntza egin behar izan zioten.

Maiatzaren 28an, gaueko bederatzi eta erdiak aldera, emakumea Portugaleteko Kanpanzar auzoan dagoen bere etxeko portalean sartzera zihoala,  bat-batean gizon bat hurbildu zitzaion atzetik, eta tira eginda zintzilikari bat zuen urrezko katea kendu zion lepotik eta lurrera bota zuen bultza eginda. Bere helburua lortu zuenean, lapurrak korrika alde egin zuen.

Lapurretaren berri izan bezain laster hurbildu ziren lekura Ertzaintzaren herritarren babeserako hainbat patruila eta anbulantzia bat. Biktimak, erori zenean, min hartu zuen besoan eta bizkarrean, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten, beraz. Azkenik, ebakuntza egin behar izan zioten ukondoan, hautsita baitzuen.

Muskizeko Ertzain-etxetik jarri zuten abian indarkeria erabiliz egindako lapurreta argitzeko ikerketa. Ikerketa horri esker identifikatu ahal izan zuten ustezko lapurra, eta gaur, asteartea, aurkitu eta atxilotu dute Bilbon.

Polizia-izapideak amaitu ondoren, atxilotua datozen orduotan eramango dute epailearen aurrera.