Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 66.100.000 euro bideratuko ditu 2020an etxebizitzak birgaitzeko eta gizarte-alokairurako laguntza-programak finantzatzeko. Hala jaso da Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaion Iñaki Arriola sailburuaren Aginduan. Horren bitartez, etxebizitzen eta eraikinen alokairua eta birgaitzea sustatzeko 2020ko ekitaldi honetan emango dituzten urte anitzeko dirulaguntzen ildoak finantzatuko dituzten ordainketa- eta konpromiso-kredituak eman dira ezagutzera.
Gobernu Kontseiluaren bileran, honako programa hauek aurrekontuz hornitzeko baimena ere eman dute:
-Egiturazko eraberritzeak (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasuna (igogailuak instalatzea, batez ere) eta energia-efizientzia egikaritzeko bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea sustatzeko, 20,4 milioi euro esleituko dituzte dirulaguntzetan. Horietatik 6,4 milioi euro aurtengo ekitaldian ordainduko dituzte eta 14 milioi euro 2021ean. Dirulaguntza horiei esker, inbertsio pribatuen bidez 400 milioi euro baino gehiago (funtsean, jabeen erkidegoen kontura) mugituko direla kalkulatu da.
-Merkatu librean etxebizitza-alokairua ordaintzeko gazteentzako Gaztelagun laguntzen programak 2020an eman diren eta laguntza indarrean egongo den 3 urteetan —epe horretan baldintzak aldatzen ez badira— ordaindu beharko diren dirulaguntzen 19,3 milioi euro bereganatuko ditu.
-Errentamendu babestua sustatzeko 12 milioi euro bideratuko dira. Diru hori batez ere erabiliko dute sustapen berriko operazioak bultzatzeko, edo sustatzaile publikoek eta pribatuek arrazoizko alokairuaren bidez etxebizitzak sustatzeko —erosi ondoren etxebizitza zaharrak birgaituz—, edo zuzkidura-bizitokiak sustatzeko. Erabilera lagatzeko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek cohousing edo elkarlaneko etxebizitzen ekimenak sustatzeko politika berria laguntza publiko garrantzitsuekin hastea ere espero da.
-Sustatzaile publikoei eta pribatuei, jabeen erkidegoei eta etxeei, eta erabilera lagatzeko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei finantza-erakundeek emango dizkieten kredituen interes-puntuak diruz laguntzeko, guztira, 14,1 milioi euro esleituko dira. Era horretan, 2020 Finantza Hitzarmenaren eta 2020-2023 birgaitzeko finantza-tresna bereziaren bitartez, alokairu babestuko etxebizitzak eta hauen birgaitzea (aurretiazko egitura-birgaitze bidez etxebizitza hutsaren mobilizazioa eta eskuragarritasuna) sustatzeko.