Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak

0

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bilera izan du lurraldeko unibertsitate nagusietako arduradunekin, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren ibilbidearen balantzea egiteko eta erakunde akademikoen eta Aldundiaren artean abian jarritako lankidetza ildoei buruzko azterketa partekatzeko. Bileran, Gipuzkoak gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan izango dituen erronka nagusiei aurre egiteko lankidetza indartzea adostu dute, azken hilabeteetan areagotu egin baitira, COVID-19aren pandemiaren ondorioz.

Bileran parte hartu dute, diputatu nagusiaz gain, Jose Ignacio Asensio Ingurumenko diputatuak, Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako foru zuzendariak eta Xabier Barandiaranek, Aldundiko Estrategia arduradunak. Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) aldetik, Nekane Balluerka errektorea eta Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordea izan dira; Deustuko Unibertsitatearen ordezkari, Jose Mª Guibert errektoreak hartu du parte; Mondragon Unibertsitatekoak, Vicente Atxa errektorea eta Jon Altuna errektoreorde akademikoa; eta, azkenik, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolaren izenean, Raul Anton zuzendaria etorri da. Akordioak bi urteko indarraldia izango du eta Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gauzatzeko.

«Besteak beste, gizarteratzea eta laneratzea, adimen artifiziala, turismo jasangarria, zahartze osasungarria, Big Data, barne-ekintzailetza eta euskararen etorkizuna erronka atzeraezinak dira, eta Gipuzkoan lankidetzan ari gara, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantzako tresnaren esparruan», adierazi du diputatu nagusiak.  Bere ustez, pandemiak «areagotu eta bizkortu» dituen «erronka globalei tokian tokiko erantzunak» emateko, «ezinbestekoa» da bai erakundeek eta bai eragile sozio-ekonomikoek «laguntzea», «lan kolektibotik eta esperimentaziotik» abiatuta.