Lanbidek 3,2 milioi euro bideratuko ditu langileen gaitasunak eta trebakuntzak hobetzera

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluari Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutako akordioaren berri eman du. Haren bidez, 2020rako deialdia onetsi da, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatuko dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak egiteko dirulaguntzei buruzkoa.

Lanbidek 3,2 milioi euro bideratuko ditu langileen gaitasunak eta trebakuntzak hobetzera bideratutako enpresen prestakuntza ekintza programatuak finantzatzera. Honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza: enpresaren proiektuarekin lotura zuzena duten ekintza estrategikoak jaso dituzten prestakuntza-planak; ekintza horiek beharren diagnostiko bat edo antzeko dokumentu bat izan dezakete oinarri, ekintza horiek eta hartzaile dituzten langileak lehentasunezkoak direla adierazten dutenak. Nobedade gisa, deialdi honen kudeaketa ez du Hobetuz – Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak egingo, baizik eta Lanbidek zuzenean, erabateko integrazioaren ondoren.

“Funtsezko tresna da bizitza osoko prestakuntza bermatzeko”, esan du Artolazabalek, eta helburua da langileak eta enpresak errealitate berrietara egokitzea, eta ekoizpen-prozesuen aldaketetan langileek duten lanbide-gaikuntzari eustea.

Langileei lan-bizitzan beharrezko izan dezaketen trebakuntza emateaz gainera, prestakuntza lehentasunezko balio estrategikoa da aldaketa teknologikoko, ekonomikoko eta sozialeko prozesuetan eta, hori dela eta, enpleguan eta gizarte-kohesioan egonkortasunerako tresna. Are gehiago une hauetan, covid-19aren krisialdiaren ondoriozko nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko enpresa eta herritar aktibo gehienetan duen eta epe laburrean eta ertainean eragina izango duen une hauetan. Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa leheneratzen lagundu nahi du, bere eskumenen barruan.