Larrialdien udal plana desaktibatu du Bilbok

0

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak desaktibatu egin du astelehen honetan Bilboko Udalaren Larrialdietarako Plana, alkateak berak martxoaren 13an aktibatu zuena, COVID-19k eragindako krisiaren ezohiko izaeraren aurrean erantzun koordinatua eta eraginkorra emateko.

Alkateak Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako bozeramaileekin harremanetan egon da hilabete hauetan, eta erabaki hori hartu du Euskadiko alarma-estatua amaitu ondoren, Lehendakariak berak dekretatuta eta joan den barikuan EHAAn argitaratuta.

Larrialdien Udal Planaren xedea da aurre egitea arrisku larriko egoerei, eta istripua, hondamendia edo kalamitate publikoa izanez gero herritarrak eta udal ondasunak babesteko behar diren baliabide guztiak mobilizatzeko mekanismoak definitzen ditu, bai eta Udalaren eta beste erakunde publiko eta/edo pribatuen artean koordinatzeko modua ere.

Plana aktibatuta egon den hiru hilabete pasatxoan zehar, berrogeita hamar bilera baino gehiago egin dira –Aholku Batzordearen eta Batzorde Teknikoaren artean–, eta, horietan, krisiari modu integralean heldu zaio udal-esparruan, osasunaren ikuspegitik, baina baita ikuspegi sozial, ekonomiko eta ekologikotik ere, besteak beste.