Osasun Sailak eguzkitik eta berotik babestea gomendatzen du

0

Udako hilabeteetan, erradiazio ultramorea handiagoa da, eta, garai horretan, pertsonak eguzkitan denbora gehiagoz egoten dira eta eguzki-erradiazio handiagoa jasotzen dute, egunean ordu gehiago aire librean ematen dutelako, paseatuz, kirola eginez, eguzkia hartuz edo aisialdiko beste jarduera batzuk eginez.

Sasoi horretan bereziki kontuz ibili behar da azala zaintzeko eta bizitzan zehar azalean pixkanaka pilatzen diren eguzkiaren ondorio kaltegarriei aurrea hartzeko. Eguzkiaren UVA eta UVB erradiazio ultramoreen eraginpean egotea ingurumen-faktore garrantzitsuena da azaleko minbizi mota gehienen agerpenean, larruazaleko erreduren, haren zahartzearen eta hainbat begi-afekzioren eragilea izateaz gain. Larruazaleko melanomaren intzidentziak gora egin du, bai gizonen artean (% 2,5), bai emakumeen artean (% 1,8), 2001-2015 aldian, Euskadiko Minbizi Erregistroan jasotako azken bilakaera-datuei erreparatuz gero. Datu horien arabera, tumore mota horren intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 13,3 kasukoa da gizonen artean, eta 15ekoa emakumeen artean (2011-2015 aldia).

Horregatik guztiagatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urte batez gogorarazi dute komeni dela zenbait neurri eta arreta hartzea eguzkitik babesteko eta haren eraginpean modu osasungarrian jartzeko.

Horrela, eguzki-erradiazioaren epe labur eta luzeko kalteak saihesteko, gomendagarria da:

  • Egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea, eguzki-erradiazioa handiagoa baita ordu horietan (12:00etatik 16:00etara).
  • Gure larruazalerako eta eguzki-intentsitaterako krema fotobabesle egokia erabiltzea (inoiz ez 15-20tik beherako babes-faktorekoa), UVA eta UVB erradiazioetatik babestuko duena.
  • Eguzki-krema kantitate oparoan aplikatzea gorputzaren zati guztiak babesteko, esposizioa baino 20-30 minutu lehenago.
  • Denbora-tarte jakin batean behin aplikazioak ematea (2 edo 3 orduan behin), eta bainu bakoitzaren ondoren, izerdi edo transpirazio biziaren ondoren eta toallarekin lehortu ondoren.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurreko homologatuak edo babes-arropa.
  • Gogoratu sendagai batzuek erreakzioak eragin ditzaketela hartzen ditugun bitartean eguzkitan jartzen bagara.
  • Haurrak sentikorragoak direnez, haiekin zuhurtasun-neurriak areagotu behar dira, bizitzako lehen urteetan eguzkiaren gehiegizko esposizioa eta haurtzaroko erredurak saihesteko.