Barakaldoko Udalak Retuerto auzoan bide-segurtasuna hobetuko duen obra bat hasi du. N-634 errepidean biribilgune bat egitea da helburua, Euskadi etorbidearekin duen bidegurutzean; izan ere, puntu horretan hainbat istripu gertatu dira, eta jarduketa horri esker, bidegurutze seguruagoa egitea lortu nahi da. 344.000 euro inbertitu dira lan horietan, eta hiru hilabeteko egikaritze-epea aurreikusi da.
Helburua bidegurutzeko bide-segurtasuna hobetzea da, Jesusen Bihotza parrokiaren parean. Horretarako, aurretiko trafiko-azterketa bat egin da, biribilgune horren diseinua planteatzeko. Auzotarren eskaria da, eta lan horiekin erantzungo zaio.
Gaur hasi da obra, eta orain dagoen bidegurutzearen ordez biribilgune bat jarriko da, eta bidegurutzean birak arautzen dituzten semaforoak kendu egingo dira. Aurreikusitako diseinuak ibilgailuen mugimenduak erraztuko ditu, noranzkoa aldatzea barne.
Biribilgune berriak 3,30 metroko barnealdeko erradioa eta 16,20 metroko kanpoaldeko okupazioa izango ditu, beraz, 12,90 metroko zabalera izango du bi erreientzat. Erdialdean lorategi-gune bat egongo da, ureztatze-sistemarekin. Seinaleztapenaz gain, eta teknikarien gomendioei jarraituz, pintura-bandak ezarriko dira Max Center-erako noranzkoko biribilgunerako sarreran, ibilgailuak abiadura handian ibil ez daitezen.