UPV/EHUk 25 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probak hasi ditu

0
Vitoria - Gasteiz. 12-06-2020. Prueba de acceso a la Universidad para mayores de 25 y 45 años en la Facultad de Farmacia de Vitoria - Gasteiz con todas las medidas de COVID-19 . Foto: Nuria González

Euskal Herriko Unibertsitateak bertara sartzeko 25 eta 45 urtetik gorakoentzako proben egutegiari hasiera eman dio. Pandemiaren ondorioz sortutako egoera dela eta, proba horiek ohi baino beranduago izango dira. Hain zuzen ere, ekainaren 12an hasi dira hiru egoitz hauetan: Gasteizko Farmazia Fakultatean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean

Oraingoan, 234 pertsonak eman dute izena azterketan (25 urtetik gorako 180k eta 45 urtetik gorako 54k). Horietako 40 Arabako Campusari dagozkio, 117 Bizkaiko Campusari eta 77 Gipuzkoako Campusari.

Unibertsitateak behar diren neurriak hartu ditu proba egingo duten guztien segurtasuna bermatzeko, alegia, epaimahaikideena eta ikasleena, UPV/EHUk COVID-19a dela-eta ezarritako prebentzio neurrien protokoloari jarraikiz.

25 urtetik gorakoei dagokienez, unibertsitatera sartzeko probak bi zati izango ditu; orokorra eta espezifikoa, zenbait arlotako ariketekin. Bestalde, 45 urtetik gorakoen kasuan, lehen zatian, unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko ikaslegaien heldutasuna eta egokitasuna aztertuko dira, baita arrazoibide eta adierazpen ahalmenak ere, zenbait arlotako hiru ariketarekin. Bigarren fasean, elkarrizketa pertsonala egingo zaie, ikasketa jakin batzuetan sartzeko gaitasunak eta ezagutzak aztertze aldera.