USE azterketak egingo dira UPV/EHUren instalazioetan

0

Datorren ikasturteari dagokion Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak egingo dira uztailaren 6, 7 eta 8an eta uztailaren 20, 21 eta 22an. UPV/EHU eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila elkarlan estuan aritu dira azken hilabeteotan proba berrantolatzeko lanetan, aintzat harturik COVID-19aren pandemia dela eta hartu behar izan diren prebentzio eta segurtasun neurri zorrotzak; besteak beste, mugikortasunari eta pertsonen arteko distantziari dagozkienak.

Ezohiko egoera hau dela eta, UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak handitu egin dute azterketak egiteko lekuen kopurua, ahalik eta osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC erakustazoka, Bizkaian, eta zenbait ikastetxe: hala nola Eibarko Armeria Eskola eta BHI, Gipuzkoan, eta BHI Ekialdea, Arabako campus inguruan.

Probaren ordutegi berriak ez ezik, probaren garapenerako protokolo bat prestatzen ari da. Protokolo horrek higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasoko ditu eta ikastetxeei helaraziko zaie. Osasun neurrien artean, nabarmentzekoa da ikasle bakoitzak bere maskara eta azterketa egiteko materiala eraman beharko dituela (bolaluma, erregelak, kalkulagailua…), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.