Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostia 1936-1945 izeneko webgunearen aurkezpena egin du. Webguneak 1936-1945 urte bitartean euren eskubideak urratu zituztenen izenei buruzko informazioa biltzea du helburu.
Aurkezpen ekitaldia Aranzadiko Zorroagako egoitzan egin da eta Eneko Goia Donostiako alkateak, Jokin Otamendi Aranzadiko lehendakariak, Javi Buces ikerlaria eta proiektuaren koordinatzaileak eta Paco Etxeberria Aranzadiko Antropologia saileko zuzendariak parte hartu dute.
Donostia 1936 – 1945 giza eskubideen urraketa sufritu zutenen donostiarren izenak edo Donostian gertatutakoak bildu ditu. Proiektua aurrera ateratzeko Aranzadiko diziplina anitzeko talde batek bi urte baino gehiago eman ditu hainbat artxibotan (elizakoak, militarrak, probintziakoak, etab.) ikertzen eta errepresaliatuei buruzko informazioa jasotzen duten argitalpen guztiak errepasatzen. Artxibo eta argitalpen horietan agertu diren izen guztiak kontrastatu dira, banan-banan, eta gero, proiektu honetarako sortutako datu-basean sartu dira, Gogora Institutuak oinarrizko giza eskubideen urraketen inguruan ezarritako kategorien irizpidea jarraituz.
Donostia 1936-1945 orain arte giza eskubideen urraketen inguruan Euskal Herrian aurkeztu den datu baserik osatuena da. Izan ere proiektu honetan 7000 pertsonen izenekin lan egin da eta biografia hauek apirilean zehar kontsultagai egongo dira.
Kasu batzuetan testigantzak, bideoak, argazkiak eta agiritegietatik ateratako jatorrizko dokumentazioa eskuragarri egongo da. Horien artean, espetxeetako fitxak, gerra-kontseiluak, dokumentazio penitentziala, dokumentazio pertsonala: eskutitzak, marrazkiak, zorion-agurra eta argazkiak, etab. Ikusgai egongo da. 6000 dokumentu desberdin eskaneatu dira: 800 dokumentu pertsonal eta 5200 dokumentu ofizial.
Hori gutxi balitz, aipatzekoa da Donostia bezalako hiri batean horrelako lana amaitutzat ematea ezinezkoa dela. Errepresaliatuak falta dira, eta zailtasunak izan arren (besteak beste, 80 urte duten artxiboak eskuratzea) lanean jarraitu beharra dago. Beraz proiektua irekita jarraituko du.
Garrantzitsua da hori nabarmentzea: proiektu bizia da eta irekita mantenduko da kasu berriak sartzeko edo edozein akats zuzentzeko helburuarekin. Horretarako, biktimen eta biktimen senideen bultzada ezinbestekoa izango da.