Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak ireki dira

0

Etxadi eta Intxaurrondoko udako igerilekuak astelehen honetan ireki dira. Paco Yoldiko solariuma eta ur jokoak ere zabaldu dira. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak emandako aginduen arabera, igerileku horiek edukieraren %60ra murriztu dira. Hortaz, Etxadiren edukiera 258 pertsonakoa da eta Intxaurrondon 220 pertsonakoa.

Instalazioetarako sarbideetan edukiera kontrolatuko duten pantailak jarri dira, eta hauek, donostiakirola.eus webgunearen bidez modu errealean ikusi ahal dira. Instalazio horietara joateko ez da aldez aurreko hitzordurik behar, baina ekainaren 29ra arte bitartean Kirol Txarteleko abonatuek bakarrik izango dute sarrera.

Solarium-eremuan pertsonen artean 2 m-ko segurtasun-distantzia mantentzeko, zirkulu batzuk markatu dira. Hauek, banakako erabiltzaileek edo familiek erabiltzeko erreferentzia argia izan dezaten eskuoihala eremu horretan jartzerakoan. Betiere, soroslearen argibideak errespetatu beharko dira.