Osasun-alarmaren egoera ezarri izanaren ondorioz, Segurtasun Sailak udaltzaingoekin koordinatuta eta lankidetzan jarduteko eta Ertzaintzan lantalde espezifiko bat, EAZOK (Ertzaintzaren Aginte Zentralizatua Osasun-alarma Kudeatzeko), sortzeko erabakia hartu zuen, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ezohiko egoeran herritarrak babesteko gaiak kudeatzen laguntzeko.
Ertzaintzaren buruak zuzendu eta hamalau buruzagik eta Udaltzain Buruen Elkartearen (AJEPLE-EULE) lehendakariak osatu duten taldea arduratu da osasun-agintariek aldarrikatu ahala konfinamenduari eta mugikortasuna murrizteari buruzko neurriak betearazteko Estatuko eta Autonomia Erkidegoko araudiaren jarraipen zehatza egiteaz.
Araudia zorrotz aztertzeko eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek ezarri beharreko irizpide homogeneoak zehazteko egindako lan handi horri esker, Euskadiko Poliziako herritarren babeserako agenteek alarma-egoera guztian zehar herritarrei ezohiko araudi hori ulertarazteko eta betearazteko eginkizun pedagogikoa bete ahal izan dute, ezinbestekoa eta saihestezina izan den jarduera zigortzaileaz gainera.
Bestalde, indarrean dagoen araudia ezartzeko irizpide homogeneoekin sortutako agiriak oinarrizkoak izan dira herritarrek osasun-krisialdi guztian zehar telefonoz eta telematika bidez egin dituzten milaka galdera eta kontsultari erantzuna emateko, Eusko Jaurlaritzak herritarrek parte hartzeko eta herritarrei arreta emateko dituen baliabideen bitartez.
Gaur goizean Berrozin egin den bileran EAZOK taldeak egin duen lana aztertu da, eguneroko jardunean gainditu behar izan diren zailtasunez hitz egin da eta Euskadiko Poliziak herritarrak babesteko egindako lanaren eta kudeaketa asistentzialaren ikuspegitik osasun-alarma egoerak suposatu duenari buruzko ondorioak atera dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez “Pandemia hau erronka izan da guztiontzat, helmuga ezezaguna izan du. Berriro diot ez dugula gainditu, baina erakutsitako jarrerak eta lortutako emaitzek hondamendi horri eta beste batzuei aurre egiten jarraitzera bultzatzen gaituzte, daukagun erabakigarritasun eta eredu berarekin.
Egindako lana, LABI, Euskadiko Babes Zibileko Planaren barruan egon da. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen batzorde operatiboen lankidetza ahalbidetu digu. Euskal poliziaren lankidetza hori oso faktore garrantzitsua izan da krisi osoan zehar.
Azken batean, itsasoan bezala, ontzia partekatuz eta gure herriari zerbitzua emateko orduan norabide berean nabigatzen jarraitzera animatzen gaitu.”
San Juan egunean eta berrozien lehenengo unitatea sortu zeneko 40. urteurrenarekin bat etorriz egin den bileraren ondoren, bertaratuak Berroziko patiora hurbildu dira, eta lehendakaria bertan elkartu da egoitza Berroziko instalazioetan duten Ertzaintzako lau unitateetako, hau da, Esku Hartzeko Unitateko, Txakur Unitateko, Eraikinen Segurtasunerako Unitateko eta Babes eta Segurtasunerako Unitateko, kideekin.