Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia arduratuko da 2020ko denboraldian Euskadiko TKE-ACTko kontrolak egiteaz

0

Uda honetatik aurrera, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia arduratuko da Euskadin egiten diren TKE-ACTko (Asociación de Clubes de Traineras delakoa, Traineruen Kluben Elkartea) proba guztietan dopingaren aurkako kontrol guztiak egiteaz. Gaur goizean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Borja Rodrigo ACTko presidenteak sinatutako akordioaren arabera, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak egingo ditu dopinaren aurkako probak, 2020 denboraldi osoan, ACTk antolatutako bi lehiaketetan: Euskolabel Liga eta Euskotren Liga. Akordio horri esker, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak, Euskadin dopinaren aurkako borrokan eskumena duen erakundeak, beste urrats bat eman du Europan erreferentziazko erakunde gisa finkatzeko dopinaren aurkako borrokan.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, akordioa sinatzea «aurrerapauso garrantzitsua da Euskadin dopinaren aurka borrokan jarraitzeko eta Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia egiten ari den lan handia sendotzeko». «ACTrekin sinatu dugun akordioari esker, hemendik aurrera Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak kontrolak egingo ditu ACTko Euskadiko estropada guztietan. Beraz, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia erreferentziazko agentzia izango da arraunaren munduan, arraunaren hiru ekitaldi handietan kontrolak egingo dituen bakarra izango baita: Kontxako Bandera, ARC eta, hemendik aurrera, ACTko txapelketak «, azaldu du.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mendeko Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak eta ACTk sinatutako akordioaren arabera, ACTk dopinaren aurkako jarduketak egiteko eskatzen dio Dopinaren Aurkako Euskal Agentziari, “bereziki, dopin-kontrolak” haren lehiaketetan (Euskolabel Liga eta Euskotren Liga)». Akordio horren arabera, kontrolak lehiaketa barruan zein kanpoan egin ahal izango dira, baina betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Halaber, ACTk «dopin-arauak urratzen direnean, dagokion prozedura aurrera eramateko» konpromisoa hartzen du, baita administrazio- eta/edo federazio-agintariek ezar ditzaketen zehapenak edo behin-behineko etete-neurriak onartzekoa ere. Horrez gain, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak gutxienez prestakuntza jardunaldi bat egingo du ACTko kideentzat.

15 urteko lana

DopinarenAaurkako Euskal Agentzia dopinaren aurkako borroka Euskadin bultzatzeko sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskutik, 2005ean kontrolak egiten hasi ondoren. Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren Aurkako Legea aldatzea onartu zuen 2018an, eta bertan berariaz jasotzen da Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren eskumena dela Euskadin dopinaren aurkako borroka egitea. Mota horretako bi erakunde baino ez daude Estatuan: Euskadikoa eta Estatu mailakoa.

Dopinaren aurkako Euskal Agentziak urtero 300 dopin-kontrol inguru egiten ditu Euskadin antolatutako kirol-probetan, Europako Estatu askotako dopinaren aurkako agentzia askok egindakoak baino gehiago. Dopinaren aurkako Euskal Agentziak 313 dopin-kontrol egin zituen iaz, lagin-bilketako 76 misioren bidez, eta hori maximo historiko bat da erakunde horrentzat.

Kontrolak 21 kirol modalitatetan egin ziren, horien artean, egindako kontrol kopuruaren arabera, arraunketa (79 kontrol), errepideko txirrindularitza (52) eta errepideko atletismoa (32) nabarmendu zirelarik. Guztira, 8 zehapen-espediente abiarazi ziren aurkako emaitzengatik (dopinagatik positiboak zirenak); kontrako bi emaitza gehiago izan ziren,  baina bi kasu horietan kirolariek debekatutako substantziak erabiltzeko baimena zuten (bi kasuetan terbutalina zen, ohikoa asmatikoetan).

2019an, aurreko urtean baino 18 kontrol gehiago egin zituen (293, 2018an), 2017an baino 19 gehiago (orduan 292 egin ziren) eta 2016an baino 134 gehiago (177). Iaz egindako 311 kontroletatik 7 animaliekin egin ziren.