ETSk Vitoria-Gasteizko Tranbia Salburuara luzatzeko lanei ekin die

0
PRUEBA

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzoraino luzatzeko lanen eraikuntza hasi du gaur. Salburuako amaierako geralekua egongo den Juan Carlos I Etorbidearen inguruan, topografo talde batek esleitutako proiektua egiaztatzeko lanak hasi ditu, atzo bertan zuinketaren akta sinatu eta gero.

Hurrengo pausoetan, Salburuako Bulebarraren inguruan bulegoak eta metaketak egiteko guneak instalatuko dira, eta ukitutako zerbitzuen desbideraketaren eta tranbiak zirkulatzeko ondoren egingo diren  plataformaren hondeaketa lanen eraginak jasoko dituzten hiriko altzariak kenduko dira.

Tarte berria 2,5 kilometro izango da luze, eta Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua izeneko bost geraleku berri eraikitzea aurreikusten da. UTE Altuna y Uria / Tecsa izeneko ABEEari esleitu zaion obra zibileko kontratuak 15,5 milioi euroko aurrekontua du, eta gehieneko egikaritze epea 30 hilabetekoa da.

Geraleku berriak, 50 metro luze (sartzeko arrapalak barne), 3,5 metro zabal eta 25 zentimetro altu izango diren alboetako nasekin diseinatu dira. Trazatuaren %95ean, trazatu berria bide berdetik joango da.

Lehenengo fasean, lanak aldi berean egingo dira trazatuaren bi puntutan: Juan Carlos I Etorbidean eta Salburuako Bulebarrean, Nikosia kalearen parean. Bigarren jarduketa horretan aldaketak egin beharko dira errepideko trafikoaren zirkulazioan. Aldaketa horiek aurretik adostuko dira Vitoria-Gasteizko Udalarekin, eta behar den aurrerapenarekin iragarriko dira. Puntu horretan, behin betiko egoeran, tranbiak mendebaldetik zirkulatuko du, eta bulebarrak bi errei izango ditu noranzko bakoitzean, une honetan dituen hiruen ordez. Hori dela eta, egin beharreko lehenengo lanetako bat egungo erdibitzailea bulebarraren mendebalderantz eramatea izango da.