Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak jarduera presentzialari ekin dio berriz

0
PRUEBA

Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak jarduera presentzialari ekin dio berriz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zeina eten egin behar izan baitzen, konfinamenduaren eta alarma-egoeraren ondorioz, martxoaren 16an.

Familia Bitartekaritzako Zerbitzua familiei arreta emateko eta esku hartzeko auzibidetik kanpoko zerbitzua da; espazio neutral bilakatzen da edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritzaren bidez. Doako zerbitzua da, eta zuzenean jo daiteke hartara; alegia, ez dago zertan beste eremu batetik bideratu.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur goizean, Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak Donostian (Larramendi kalea, 1) dituen lokalak bisitatu ditu, arreta presentzialari berriz ekiteko xehetasunak aurrez aurre ezagutzeko; higiene-neurri zorrotzak beteko dituzte, eta manparak jarri dira.

Araban, Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzua Santa Olaja de Acero kaleko 1. zenbakian dago, eta, Bizkaian, Santutxu kaleko 69. zenbakian, Bilbon. Uztailetik aurrera, beste lokal bat irekitzea aurreikusten da; Tolosan egongo da, udalerri horretako udalarekin sinatutako akordio baten ondorioz. Prim kaleko 14. zenbakian egongo da.

Bitartekaritza-zerbitzu horrek aurretiko hitzorduarekin jarraituko du lanean, pandemiaren aurretik bezala, honako telefono hauen bidez: 943-57 62 08 (Gipuzkoa); 945 17 11 25 (Araba)  eta  94 427 77 88 (Bizkaia).

“Etapa gogor honetan, hainbat arazo azaleratu dira, eta beste batzuk azaleratzeko geratu dira. Baina behar izan zaituzteten pertsonek Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuaren laguntza izan dute. Hala, bada, eskerrak eman nahi dizkizuegu, egunero eta bereziki orain, Covid-19ak ekarri duen krisiaren ondoren egiten duzuen lan garrantzitsuagatik”, esan die Artolazabal sailburuak Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuko langileei.

Alarma-egoera honen hasieran, Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak zerbitzuak izan zituen zabalik telefonoaren eta posta elektronikoaren bidez; ekipoak eratzen dituzten pertsonek txandak egin zituzten, kutsadurarik egon ez zedin. Gero, mugimenduak mugatuta egon zirenez, hiru lurraldeetako Familia Bitartekaritzako Zerbitzuetan jasotzen ziren deiak hiru bitartekaritza-taldeetako profesionalen telefonoetara desbideratzen hasi ziren, joan-etorririk egin behar ez izateko.

Dei-desbideratze horri esker, herritarrentzako arretarekin jarraitu ahal izan da, une oro. Hala, aldi horretan, Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak 2.181 pertsonari eman die arreta, guztira, eta, haietatik, 1.395 emakumeak izan dira. Arreta jaso duen pertsona-kopuru horretan, konfinamenduan sortu diren eskaerei eman zaie arreta, bai eta alarma-egoeraren aurretik ordurako bitartekaritza-prozesu batean parte hartzen zutenei edo hasteko hitzordua zeukatenei.

Familia-berrantolaketa

Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak konfinamenduan tratatu dituen kasuistika berriak direla eta, nabarmentzekoa da, esaterako, aitek eta amek seme-alaben edo mendeko pertsonen alde –etxean egotera behartuta, eguneko zentroak itxi zituzten kasuetan– familia berrantolatzeko hartutako erabakia.

Hala, egoera batzuetan bananduta bizi ziren bikote batzuek berriro batzea erabaki dute, seme-alabak joan-etorrian ibili behar ez izateko eta, hala, kutsatzeko aukerak murrizteko. Halaber, zaintza partekatuen zenbait kasutan, bikote batzuek adingabearentzat baldintza onenak betetzen zituen gurasoarekin egonaldia egiteko bide ematea erabaki da, besteak beste lanbidea aintzat hartuta.

Era berean, zenbait kasutan, familia batzuek beren aita edo ama nagusia zaindu ohi duen pertsona aldatzea erabaki dute, haren ongizatearen alde, eta, hala, zaintzarako ohiko semea edo alaba aldatzea.

“Harrituta utzi gaitu pertsona askok egokitzeko duten gaitasuna. Ikusi dugu akordioetara iristeko gai izan direla, beren autoikaskuntzari esker”, esan du Gurutze Lopetegi Donostiako bulegoko arduradunak.

Era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Familia Bitartekaritzako Euskal Zerbitzuak jarraitu du deiak egiten, bai bitartekaritza-espedientea amaituta zeukaten pertsonei, bai prozesua oraindik abian dutenei.

“Lan horrek aukera eman digu nola antolatzen ari diren eta osasun-alarma eta konfinamendu egoera nola bizi duten jakiteko. Arreta horri esker, informazioa eta laguntza eman dizkiegu, entzute aktiboaren eta beren egoeraren ulermenaren bidez. Batik bat, lehen asteetan, familiek asko eskertu dute beraiei entzun izana eta konfinamenduan beren egoeraren segimenduaren inguruko interesa zuen zerbitzu publikoaren deia jaso izana”, esan du Gurutze Lopetegik.