Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren hasiera

0

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak honela definitzen du hauteskunde-kanpaina: botoa bereganatzeko legezko jardueren multzoa. Lege horrek berak adierazten du jarduera horiek hautagaiek, alderdiek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek soilik egin ditzaketela.

Hauteskunde-kanpainan, hautagaitzek titulartasun pribatuko egunkarietan eta irrati-etxeetan publizitatea txertatzea kontrata dezakete. Kontzeptu horren ondorioz egiten diren gastuek ezin dute guztizko mugaren % 20 gainditu. Kanpaina-egintzei dagokienez, erabilera publikorako zabalik dauden lokal ofizialetan egin beharko dira egintzak –dohainik lagako dira xede horretarako–. Udalak arduratuko dira barrutien katalogoak prestatzeaz eta eguneratzeaz, baita horien erabilera lagatzeko organismo titularren aurrean bidezko kudeaketak egiteaz ere.

Segurtasun Sailak kanpaina honetarako gehieneko gastu hau ezarri du alderdientzat: 356.683,21 euro Araban; 716.720,01 euro Bizkaian eta 582. 579,20 euro Gipuzkoan. Hiru lurralde historikoetan aurkezten diren taldeek ezin izango dute 1.601.982,42 euroko zenbatekoa gainditu.

Propagandarako espazioak

Udalaren erantzukizuna da, halaber, doako propaganda grafikoa jartzeko berariazko lekuak (zutabeak, hesiak, kabinak…) izendatzea. Legeak guztiz debekatzen du xede horretarako esleitutako kokalekuetatik eta espazioetatik kanpo orotariko pintadak egitea. Bestalde, ezin izango dira banderatxoak, pegatinak, zintak edo antzeko bestelako elementuak jarri trafiko-seinaleetan edo hiri-seinalizazioko beste edozein puntutan; ezin izango da Udalak adierazitako kokalekuetatik kanpo propaganda grafikoa jarri, ezta lurrean finkatutako tripoderik, banderatxorik edo pankartarik jarri ere. Era berean, debekatuta dago kalean panfletoak botatzea.

Baimendutako espazioen banaketa eskualdeko hauteskunde-batzordeei dagokie. Hartara, hautagaitza guztiek azalera bera eta antzeko baliagarritasuna izango dute erabilgarri dauden kokalekuetako bakoitzean.

Aurrez aditzera eman diren doako propaganda grafikoa jartzeko lekuez gain, taldeek kartelak eta bestelako hauteskunde-propaganda jar dezakete Udalek baimendutako merkataritza-espazioetan. Hautagaitzek publizitate mota horretan egiten duten gastua ezin izango da gehieneko hauteskunde-gastuaren % 25etik gorakoa izan.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeak 79. artikuluan xedatzen duenez, Udalak 6.000 eurorainoko zehapena ezarriko du hautagaitzek edozein motatako propaganda grafikoa jartzeagatik eta baimendu gabeko lekuetan inprimaketak egiteagatik.