Pello Leiñena donostiarra izango da uztailaren 1etik aurrera Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboko zuzendari berria, Jon Bagüesen ordez. Izendapen hori Eresbileko patronatua osatzen duten lau erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Andra Mari Abesbatza) parte hartu duten hautaketa-prozesuaren ondoren egin da. Bagüesek zuzendari postua utzi eta erretiroa hartuko du, erakunde honen buru 20 urtez egon ondoren, 2000. urtean Jose Luis Ansorena Eresbileko fundatzailearen lekukoa hartu zuenetik.
Pello Leiñena Eresbileko zuzendari berriaren aurkezpena gaur goizean egin dute, Errenteriako egoitzan. Ekitaldian izan dira, Leiñena bera eta Jon Bagüesekin batera, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Andoni Sierra, Andra Mari Abesbatzaren izenean. Bertaratutako guztiek goraipatu dute Bagüesek Eresbilen egindako lana eta zorterik onena opa izan diote Leiñenari zeregin berrian.