Bizkaiko golkoan antxoaren stockak maximo historikoa erregistratu du

0

Kantauriko antxoak balio nutrizional eta komertzial handia dauka, eta arrantza jardueraren funtsezko zutabeetakoa da. Ingurumen faktoreei oso lotuta dagoen espeziea izanik, ezinbestekoa da urtero dagoen kantitatea egiaztatzea, harrapaketak modu jasangarrian kudeatzeko eta iraupena bermatzeko.

Behar horri erantzuteko, AZTI zentro teknologikoak –Basque Research and Technology Allianceko kidea da (BRTA)–, 1987az geroztik, Bioman kanpaina zientifikoa egiten du urtero, antxoa helduaren populazioaren egoera ebaluatzeko ekimena. Bioman Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Horiez gain, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako Idazkaritza Nagusiak ere laguntzen du, Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoak erabiltzea ahalbidetuz.

Bizkaiko golkoan antxoaren biomasa kalkulatzeko azken kanpainako behin-behineko datuen arabera, aurten 330.000 tona inguru dago, 1987an hasi zen serie historikoko zifrarik altuena. Emaitza horiek espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendatzen den 21.000 tonako balio minimotik oso gora dago.

Azken bost urteetan lortutako datuak onak baziren ere, 1987an Bioman kanpainaren serie historikoa hasi zenetik, inoiz ez da erregistratu aurtengoa bezain emaitza ona.