Astialdiko 4.500 monitorek COVID-19-aren aurreko prebentzioari buruzko online ikastaroan parte hartu dute

0

Aisialdiko 4.566 monitorek baino gehiagok parte hartu dute COVID-19aren aurreko prebentzioari buruzko online ikastaroan; ikastaroa Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatu du.

Hasiera batean, mila parte-hartzaile izango zirela aurreikusi zen eta, azkenean, laukoiztu egin behar izan da deialdia, lau mila parte-hartzaile baino gehiago izan baitira. Orain arte sekula ez da parte-hartze hain altua eta garrantzitsua  izan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, orain arte, prestakuntza horren antolaketa teknikorako baino ez da egon erreserbatuta.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eskerrak eman dizkie, bereziki, bertaratu diren guztiei, Gazteria Zuzendaritzak sustatu duen ekimen horren inguruan erakutsi duten konfiantzagatik. “Erronka handia dugu aurrez aurre. Astialdiak eta aisiak erlaxatzera eta ondo pasatzera garamatzate. Eta hori nahi dugu lortu udalekuetan, eguneko eta gaueko udalekuetan. Baina segurtasunik handiena behar dugu. Ikastaro honen bidez, helburu hori bete ahalko duzue”, esan die.

Era berean, eskerrak eman dizkie udan astialdiko jarduera seguruak bermatzen laguntzeagatik. “Izan ziur zuon ekarpenei eta aisia-ekimen hauei esker, gure umeek eta gazteek lortuko dutela, zati batean, iragan diren hiletako gordintasuna arintzen”, esan die sailburuak.

Ikastaroa

Online ikastaroaren bidez, Artolazabal sailburuak pasa den ekainaren 17an EAEn udan haur eta gazteen hezkuntzako astialdi-jarduerei berriz ekitea arautzeko sinatu zuen aginduak dakarren eskakizunari erantzun nahi zaio. Osasun-segurtasuneko protokolo horiek Astialdi Sarea astialdi-sarearen eta Astialdi Foroa Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren lantaldearen partaidetzaz prestatu ziren.

Ikastaroa zeinu-hinkuntzan ere emititu da.

Agindu horretan, honako hau ezartzen da: “COVID-19 gaitzaren inguruko prestakuntza espezifikoa eta eguneratua emango zaie begiraleei; besteak beste, honako hauei buruzkoa: prebentzioa eta babesa”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak online prestakuntza-ikastaro hau antolatu du, Gazteen Euskal Behatokiaren bidez, Xabide enpresako espezialistekin batera. Hala ere, astialdiko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek beren prestakuntza-ekimenak antolatu ahalko dituzte, hala nahi badute.

Bi orduz, Lourdes Antoñanak, Onofre Vicentek, Joana Arabaizak eta Mikeldi Uribek Covid-19aren transmisioa prebenitzeko neurriak azaldu dituzte, bai eta, esaterako, haiek aplikatzen edo betetzen ez badira zer gerta daitekeen ere, euskaraz eta gaztelaniaz.

Era berean, bertaratu direnek prestakuntza jaso dute jardueraren hasieraren aurretik zer prestatu behar den eta neurri horiek aplikatzeko eta betetzeko arduradunak zein diren jakiteko, edo neska-mutilen artean neurrien inguruan nola kontzientziatu jakiteko, besteak beste.

Azkenik, Covid-19aren aurrean izan duten bizipenaren inguruko eta beren egunerokotasunean eta ingurunean konfinamenduak eta, orain, egoera berriak ekarri dituzten ondorioen inguruko kontzientzia hartzeko kudeaketa emozionalari buruzko aipamen laburra izan dute.

Ikastaroa Virginia Pérez prestatzaileak zuzendu du, eta, bertan, azken zatian, Troka abentura anitzeko jardueren inguruko enpresak gaur egun Gorlizko aterpetxean egiten duen jardunbide egokien adibidea eman da. Horretarako, Javier Fuertes enpresa horretako arduradunak parte hartu du.

Azkenik, ekimena ixteko, bertaratu diren 4.566 pertsonek ekimenaren bi orduetan egin dituzten galderetako batzuei erantzun zaie. Galdera guztiei erantzun ezin izan zaienez, parte-hartzaile kopurua oso handia izan delako, prestakuntza-taldeak zalantzak eragin dituzten galdera guztiak jaso ditu, eta idatziz erantzungo zaizkie, datozen egunotan.

Era berean, Gazteria Zuzendaritzak ziurtagiria bidaliko die, posta elektronikoz, ikastaroan parte hartu dutela egiaztatzeko eta, hala, uda honetan EAEn haur eta gazteen hezkuntzako astialdi-jardueretan monitore-lanetan jardun ahal izateko.