Euskadiko 14 estuarioetako 9k eta kostaldeko 4 ur-masek egoera ekologiko ona lortu dute

0

EAEko kostaldeko ur gisa katalogatutako 14 estuarioetako 9k eta 4 kosta ur-masek egoera ona edo potentzial ekologikoa lortu dute. Nerbioiko barnealdeko eta kanpoaldeko estuarioak, Butroe, kanpoko Oka, Deba, Urola, Oria, Urumea, eta Bidasoa dira estuariook; eta Kantabria-Matxitxako, Matxitxako-Getariako, Getaria-Higer eta Mompas-Pasaiako kostaldeko urak.

Ur-masa horiek guztiak  iraganean arazo garrantzitsurik izan ez duten masak dira (kostaldeko ur-masak), edota bertako saneamendua osatuz joan da eta bere egoera hobetu egin da (Nerbioi kanpokoa, adibidez).

Horrela egiaztatzen da EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarearen 2019ko kanpainari buruzko txostenean.

Era berean, azterlanek antzeman dute  18 ur-masetatik 5ek ez dutela egoera ekologiko ona lortzen (barneko Okan egoera txarra da, eta moderatua Barbadun, Lea, Artibai eta Oiartzunen). Saneamendu osorik (Oka) ez dutelako edota kaltetuta egon diren masak izan dira, eta oraindik egoera onera iritsi ez den susperraldia jasaten ari dira (Oiartzun, Artibai, etab.). 2018. urteari dagokionez, Nerbioi Kanpoaren masa moderatutik egoera onera igaro da.

Uren egoera ekologikoak azaleko uren (ibaiak, estuarioak, hezeguneak) ur-ekosistemen egituraren eta funtzionamenduaren kalitatea adierazten du. EAEko trantsizioko eta kostaldeko uren egoera ekologikoaren jarraipen-sarea ur-masen egoeraren jarraipen-programan sartzen da. Programa horren barruan, EAEko lurrazaleko uren (ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak, lakuak eta hezeguneak), lurpeko uren eta eremu babestuen azterketa egiten da. Helburua da ur-masen egoeraren ikuspegi orokor koherente eta osoa ematea, ur-masa bakoitzerako ingurumen-helburuen betetze-maila zehaztea eta plan hidrologikoetan ingurumen-hobekuntzarako ezarritako neurrien eraginkortasun-maila zehaztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko eta trantsizioko ur-masek hobekuntza handia izan dute 1995 eta 2019 artean, aztertutako aldagai eta elementu biologiko eta kimiko askotatik abiatuta frogatzen den bezala. Hori arroetako, estuarioetako eta kostaldeko eremuetako saneamendu-neurrien ondorioz gertatu da. Hala ere, oraindik badira osatu gabeko saneamenduaren ondorioz presio esanguratsuak dituzten masak, non egoera onaren helburua lortu ez den oraindik. Gainerakoetan, egoera ona lortzen ez denean, kutsadura-egoera kroniko baten ondorio da batez ere (Nerbioin edo Oiartzunen, adibidez).