Indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotu dute Donostian

0

Ertzainek 27 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Gipuzkoako hiriburuan, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarria, dirudienez, txartelik erosi gabe zihoan Gros auzotik igarotzen den RENFEko linean, eta horren ondorioz esku hartu du Ertzaintzak. Kontua da aurreko egunean bortxaz telefono mugikor bat kendu ziola emakume bati, eta arropa artean ezkutatuta aurkitu diote.

Bart gaueko hamaikak hamar gutxi aldera, RENFEko segurtasun-zerbitzutik Ertzaintzari jakitera eman diote gazte bat zegoela tren batean txartelik gabe, eta patruila bat Groseko geltokian trenaren zain egoteko eskatu dute.

Horrela, trena geltokira iritsi denean, treneko segurtasunaren arduraduna zain zeuden agenteekin harremanetan jarri da, eta txartelik gabe zegoen gizona seinalatu die. Agenteek identifikatu egin dute 27 urteko gaztea, eta prebentziozko miaketa egin diotenean arropa artean ezkutatuta aurkitu diote Huawei markako telefono mugikor bat. Agenteek Koordinazio Zentroari eman diote aurkitu duten telefonoaren eta honen ezaugarrien berri, eta handik laster adierazi diete bertatik telefono hori aurreko egunean lapurtu ziotela jabeari Donostian bertan.

Hortaz, ustezko jabearekin beharrezko frogaketak egin ondoren, agenteek egiaztatu dute lapurtutako telefonoa zela, eta susmagarria indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute eta polizia-egoitzara eraman dute.