Inoiz ez bezalakoa izango den oporretako irteera eta itzulera operazioa

0

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza osasun-krisialdi globalaren ondorioz ezberdina izango den uda honetan agertoki ezberdinei aurre egiteko prestatzen ari da. Oporretako irteera eta itzulera operazioa Marokok muga irekitzeko aukeraren baitan dago, horrek areagotu egingo bailuke Euskadi zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa.

Beste urte batzuetan ez bezala, nazioarteko ibilgailuen joan-etorriak asko izaten baitira, aurtengo udan handiagoa izango da Euskadi barruko eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetarako (Nafarroa, Iparralde, Errioxa, Kantabria eta Burgos) trafiko-fluxua.

Nazioarteko joan-etorrien kasuan, zaila da aurreikuspen bat egitea, ez baitago pandemia-egoera baten aurrekaririk, errealitatea dinamikoa izaten baita halako egoeretan. Hortaz, nazioarteko trafikoa izaten bada ere, intentsitate gutxikoa izatea espero da (batez ere Europa iparraldetik Portugalera doana).

Hala eta guztiz ere, Segurtasun Saila, Trafiko Zuzendaritzaren, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren bidez, prestatzen ari da Marokoko muga irekitzea erabakitzen denerako ere, informazio espezifikoa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta arabiarrez izango duen dispositibo batekin. Horrela, ibilgailuen nazioarteko fluxua Euskadi zeharkatzen hasten bada, seinaleak AP-8ko eta AP-1eko zerbitzu guneetan jarriko diren informazio-kartelen eta liburuxken bidez osatuko dira. Horien bidez eskuak sarri garbitzeko, maskara erabiltzeko eta segurtasun-tartea uzteko gomendioak gogoraraziko dira. Horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak, Gurutze Gorriaren laguntzaz, laguntza-dispositibo bat prestatuko du.

Honako hau esan du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak: “Aurrean dugun oporretako irteera eta itzulera operazioa zalantzaz beteta dago, eta Segurtasun Saila, beraz, edozein agertokiri aurre egiteko prest dago. Trafiko-fluxu handiagoak espero ditugu Euskadi barruan eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetara edo Estatuko beste leku batzuetara, baina dispositibo eta seinale espezifikoak ere aurreikusi ditugu Marokok muga irekitzen duen unean aktibatzeko. Egoera ezohikoa da, eta erantzukizun indibidualerako eta kolektiborako deia egiten dugu berriz ere, istripuak ahalik eta gehien gutxitzeko”.

Trafiko Zuzendaritzak arreta berezia jarriko du opor-garaian Euskadiko errepide-sareko punturik kritikoenak izaten direnetan: A-8an Kantabriarako noranzkoan, AP-8an muga inguruan, A-1etik AP-1erako sarbidean Armiñonen, eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean Gasteizerako noranzkoan eta N-622 eta AP-1ekoan Burgoserako noranzkoan.

Itzulera operazioan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia erabiliko du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utziko da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

2019ko uztailean eta abuztuan 6 pertsona hil ziren Euskadin trafiko-istripuetan (2 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan), aurreko udan baino bat gutxiago (3 Bizkaian, 2 Araban eta 2 Gipuzkoan). Guztira, 1.228 istripu erregistratu ziren (419 zauritu izan ziren), eta horrek esan nahi du % 3,5 egin zuela behera istripuen tasak eta % 7,7 biktima-kopuruak, 2018ko opor-garai berarekin alderatuta.

Horrez gainera, eta uda osoan, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, www.trafikoa-eus web-orria, TrafikoaEJGV APPa, Twitterra eta 011 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena), erabiliko dira informazioa emateko.