Udaltzaingoak eta Babes Zibileko boluntarioek alerta sanitarioan egindako ekintzen berri eman du Angel Madrazo Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziak, eta haien lana «oso ondo» baloratu du.
Martxoaren 14an osasun-larrialdia deklaratu zenetik ekainaren 21eko alarma egoera amaitu den arte, polizia esku-hartzeak % 43,7 handitu dira 2019ko aldi berarekin alderatuta; iaz 5.911 jarduera egin ziren, eta 2020an, ostera, 8.493. Hala ere, biztanleriaren konfinamendua dela eta, delitu arruntak nabarmen murriztu dira.
«Udaltzaingoak herritarrei egunero informazioa emateko egin duen lana oso garrantzitsua izan da, auzotarrek telefonoz eta ‘korriketan’ -patruilak oinez- egiten zituzten kontsulta guztiak konponduz, auzo guztietan indartu baitira», azaldu du Angel Madrazok, Jose Felix Segurola Udaltzaingoko buruarekin eta Eder Novo Babes Zibileko ordezkariarekin batera.
Udaltzaingoa lehen lerroan egon da kalean, kutsatzeko arriskua bere gain hartuta. Herritarren Segurtasun Arloak ezarritako segurtasun eta babes neurriek emaitza ona izan dute. Izan ere, aldi horretan 5 kutsatze baino ez dira izan agenteen artean, eta guztiak eremu pertsonalean edo familiarrean erregistratu dira.
Deseskalatze-faseetan arauak aplikatzean sortu diren zalantzek arauak ia egunero aztertzea eta interpretatzea ekarri dute, Udaltzaingoko talde operatibo guztiek jardun koordinatua eta homogeneoa izan dezaten.