Bilboko Udalak kultur proiektuen poltsa bat sortu du

0
PRUEBA

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak Kultur Proiektuen Poltsa bat sortzea onartu du. Proiektu horiek uriaren 2020ko programazioan sartuko dira. Hartara, Udalak Bilboko kulturaren eta sormenaren alorreko profesionalen eta entitateen proposamenak jasoko ditu, sektorea dinamizatzeko eta COVID-19-ak uriko kultur eragileengan dituen ondorioak arintzeko asmoz.

Poltsa horretan gehienez ere 20 proiektu egongo dira; beraien bidez, 2020. urtean Bilboko kultur programazioa eta bizitza aberasten dituzten proposamenak sortuko dira. Edozein kultur edo sormen alorretako proiektuak onartzen dira. Adibidez, arte bisualak, arte eszenikoak, ondarea, musika, ikus-entzunezkoak eta multimedia, liburuak eta prentsa, artisautza, arkitektura, publizitatea eta komunikazioa, bideo-jokoak, diseinua, moda, gastronomia eta zeharkako jarduerak, besteak beste.

Proiektuak 2020ko uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz, helbide elektroniko honetan: cultura@bilbao.eus. Poltsan sartzeko eskaera egiteko, hiru eranskin bete beharko dira, www.bilbao.eus web-orritik deskargatu daitezkeenak.

Ekimen honek guztira 211.145 euro ditu, eta Bilboko Udalak COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko onartutako #BilbaoAurrera ezohiko neurrien planeko zuzeneko laguntzen sortan dago. Plan horrek 15 milioi euro ditu; horietatik 11,4 milioi ekonomiaren eta enpleguaren esparrura bideratuko dira, 2,2 milioi gizarte-kohesiora eta 1,2 milioi kulturaren sektorera.